Kartzeletako eskumenak EAEra ekartzeko eta espetxe politika aldatzeko eskatu zion Espainiako jarduneko gobernuari Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Madrilen egindako ikastaro batean. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak erantzun dio: “Eskaera horrekin espetxe politika aldatu nahi bada, hori ez da bidea”.
Konplutentse unibertsitateko beste ikastaro batzuetan egin ditu adierazpenak Fernandez Diazek, eta aitortu du Gernikako Estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagokiola kartzeletako eskumena.
Hala ere, orain arteko sakabanaketa politika “eraginkorra” izaten ari dela berretsi du, eta nabarmendu du presoen esku dagoela hori bukatzea: ETArengandik bereiziz, barkamena eskatuz eta “justiziarekin lankidetzan” arituz.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak ere bat egin du Ahal Duguk, EAJk, EH Bilduk eta PSEk atzo Madrilen egindako eskaerarekin, eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzearen alde agertu da. “Gehiengo sozial eta politiko garrantzitsua dago Euskadin, kartzela politika berri bat ezarri nahi duena, presoak inguruko kartzeletara hurbilduko dituena”, esan du Madrilgo Complutense Uniebrtsitateak El Escorialen antolatutako ikastaroan.
Era berean, Espainiako Gobernuak espetxeen gaineko eskumenak Jaurlaritzari eskualdatu beharko lizkiokeela adierazi du. “Zintzilik dagoen eskualdatze hori jasota dago Autonomia Estatutuan, eta normalizaziorako beste elementu bat izango litzateke. Eusko Jaurlaritza luzaroan dabil hori eskatzen”.