Kubako presidente ohi Fidel Castrok bost asteko isilunea hautsi, eta bere Reflexiones (Hausnarketak) artikulu sortari segida eman dio gaur. AEBetako presidente berria, Barack Obama izan du aztergai. Horretarako Argentinako presidente Cristina Fernandez elkarrizketatu du, eta horrekin batera, Obamarekiko bere kezkak azaldu. Castroren idurikotz, AEBetako buruzagi berria ''zintzoa'' da, baina egingo duen kudeaketaren inguruko ''zalantzak'' argitu beharko ditu.
Oraindik PCC Kubako Alderdi Komunistako idazkari nagusi izaten jarraitzen duen politikari beteranoarentzat, Obama, esaten dituen gauza guztietan ''zintzoa'' da; honengan sinisten duela erantsi du Castrok. Baina Obamaren kudeaketaren gainean dituen zalantzak ere aipatzen ditu.
Esate baterako, ingurumena nola babestuko duen galdetu dio Castrok Obamari, AEBen ''kontsumismo bortitza'' ikusita.
Bere artikuluan Castrok azaltzen du Fernandezekin, Obamaz gain, politikako hainbat gairen gainean solastatu dela. Argentinako presidenteak hiru eguneko bisita egin du Kubara, eta orain Venezuelara abiatu da.
Castroren esanetan, Fernandez "konbikzio sakoneko pertsona" da. Zehaztu duenez, biek izandako aurrez aurrekoan ez da eztabaidarik izan. "AEBetaz hitz egitean hari (Fernandezi) azaldu diot zer-nolako garrantzi historikoa duen Kubarako AEBetan 50 urteotan 10 presidente egon izanak; izan ere, estatu horrek izugarrizko boterea izanagatik ezin izan du Kubako Iraultza suntsitu".
AEBek hamarkadak daramatzate Kubaren kontrako bahimendu eta blokeoarekin, eta Obamak hauteskunde kanpainan esan zuen zigor neurri horiek aldatzeko asmoa zuela. Kanpainan bertan (parte hartu gabe, jakina) harekiko iritzi baikorra azaldu zuen Castrok Kubatik.
Kubako iraultza garaile atera zenetik 50 urte bete dira aurtengo urtarrilaren 1ean. 1959ko ilbeltzean Fulgencio Batistaren diktaduraren (AEBen babesa zuen) kontrako gerrillariak garaile sartu ziren Habanan. Fidel eta Raul Castro anaiak, Ernesto Guevara Che eta Camilo Cienfuegos, besteak beste, izan ziren iraultzaren buruzagi eta ikur nagusiak.
Fidel Castroren iritziz, egingo duen kudeaketaren gaineko zalantzak argitu beharko ditu Obamak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu