Oihana Elduaien
oihana elduaien
Igor Portu atxiloketa unean ez ezik gero ere jo dutela dioen bertsioa sinesgarria dela dio Francisco Etxeberria auzi medikuak. Bi hipotesi daudela dio: Guardia Zibilak atxiloketa unean bakarrik jo zuela da bat, eta orduan ez ezik, gerora ere kolpatu zutela dioena bestea. Bi bertsioetan irregulartasunak daudela nabarmendu arren, bigarren bertsioa sinesgarriago egiten zaio.
Bertsio ofiziala sinetsita ere, irregulartasun larria legokeela dio. Onartezina iruditzen zaio atxiloketa unean jo bazuten, medikuarengana eraman aurretik miaketak egitera eramatea. Atxiloketa unean norbait mendean hartzeko jo «beharra» dagoenean, beste ezer baino lehen hura erietxera eraman behar dela dio. Eta are gehiago, Porturen kasuan bezala zauri larria dagoenean. Hautsitako saihetsak birikan egin dion zuloa garaiz tratatuko ez balitz, pertsona oso larri jartzea eta hiltzea ere eragin baitezake. Hor legoke onartezina den aurrenengo irregulartasuna, Etxeberriaren arabera.
Gainera, bere ustez, «ez da normala» atxilotu bat mendean hartzeko «hori guztia» egin behar izatea. Zaila egiten zaio hori gertatu zela sinestea.
Porturen senideek atxilotua ikusi zuten herenegun hura erietxera eraman baino ordu batzuk lehenago. Lesakara eraman zuten miaketetara. Senideen arabera nekatu aurpegiarekin baina ondo zegoen. Bertsio ofizialak dioena egia balitz, mediku txostenak jasotzen duen koadro kliniko bera eduki behar zuen orduan Portuk, eta hori ezinezkoa dela dio Etxeberriak. Begian kolpea du, eta hori ikusi egiten dela azpimarratu du. Gainera, saihetsa hautsita baleuka miaketa batean jarrera normala edukitzea oso-oso zaila iruditzen zaio.
Etxeberriaren ustez, «miaketaren ostean jo zutela pentsatzea normala da». Gipuzkoan horrelako kasu gehiago ere izan direla ekarri du gogora, eta haietako batzuk gertutik ikustea egokitu zaiola. Gertatu den bakoitzean atxiloketa unean jo dutenaren bertsio ofiziala eman duten arren, argudio hori «zaharra» dela azpimarratu du. «'Ez dugu ukitu ere egin, baina atxilotze unean jo egin behar izan dugu!', esaten dute. A ze grazia! Eta zergatik ez dute larrialdietara eraman?», dio.
Gainera, Portuk bere konfiantzazko medikuaren bisita izateko aukera eduki behar lukeela aldarrikatu du. Hark argazkiak-eta atera, eta auzi medikuarekin eta erietxeko medikuekin elkarlanean auziari buruzko dokumentazioa batu behar lukeela iritzita.
AGINTE JUDIZIALAREN ARDURA. Etxeberriak nabarmendu duenez, horrelako kasuen ardura Espainiako Aginte Judizialarena da. «Gertatutakoa ez zaie poliziei bakarrik leporatu behar, Aginte Judizialak erantzukizuna dauka». Atxilotuaren ardura Aginte Judizialarena dela dio, eta horrelako gertaerak eragozteko aukera beraien eskuetan egon arren, ez dutela ezer egiten salatu du.
Espainiako legediak atxilotuen tratuari dagokionean 1987tik ez duela aurrera pausorik eman salatu du. Bere ustez, horrelakoak ekidingo badira, beharrezkoa da ekimen juridikoak bultzatzea. «Nahi balute egingo lukete». Eskandalu bat iruditzen zaio neurriak ez hartzea.
FRANCISCO ETXEBERRIA, AUZI MEDIKUA: "Miaketaren ostean jo zutela pentsatzea normala da"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu