Fullaondo: "Ziur nago Europako hauteskundeetara aurkezteko aukera izango dugula"

2004ko maiatzaren 13a
16:55
Entzun
Marije Fullaondo HZ Herritarren Zerrendako lehena "ziur" agertu da hauteskundeetara aurkezteko aukera izango dutela, gaur goizean Radio Euskadin. Bete beharreko "baldintza guztiak" betetzen dituztela, eta legez kanpo uzteko "inolako aukerarik" ez dagoela gaineratu du. Europako Hauteskundeetara aurkeztuko diren beste aukerekin "ados ez" daudelako erabaki zuten hauteskundeetara aurkeztea HZko kideek, Fullaondoren hitzetan, eta aurkeztu ezin badute ez dela beren arazoa bakarrik iritzi dio, "Euskal Herriko eta Europako biztanle guztiei" eragiten dien "demokrazia falta" bat baizik.

Fullaondok adierazi duenez Europako hauteskundeetarako zeuden "aukerek" ez zituzten konbentzitzen, beraiek duten "europako ereduaren arabera". Horregaitik, zerrenda beraiek osatzea erabaki zutela adierazi du. Beraz, "ziur" dago aurrera jarraitu ahal izango dutela, "balditza guztiak" betetzen dituztenez. Gainera, Hauteskunde Batzordeak "oniritzia" eman dietela gogorarazi du. Beraiek ez dutela inor ordezkatzen eta ez dutela inor ordezkatu nahi gaineratu du.

PP-PSOEk atzo esandakoak —HZ legez kanpo uzteko beharrezkoa zen guztia egingo dutela iragarri zuten PP-PSOE ituneko bilera ostean— "ikuspuntu demokratikotik harritu" egin duela esan du. Bere ustez, "herritarren talde bat" ezin bada hauteskundeetara aurkeztu "ez da HZren arazo bat", bere ustez "Euskal Herriko eta Europako herritar guztiei" eragiten dien "demokrazia gabezi" bat da.

El Mundo egunkariak gaur zabaldu duenez HZren zerrendetan aurretik HBko eta EHko zerrendetan aurkeztutako bi lagun daude. Fullaondok hori egia den edo ez ez dakiela esan du, baina modu guztiera, salatu egin du lehen legezkoak ziren taldeetako kideek "eskubide guztiak galtzea" talde horiek legez kanpo utzi eta gero.

Gainera, PSOEren barruan "desadostasunak" ikusi ditu. "Aresek esan zuen PSOEk ez duela eragin behar epaileen erabakian. Ez dakit atzoko erabaki hori zertara datorren". Herritar multzo bat "besterik ez" direla esan du, eta harritu egiten dela denak beraiei begira ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.