Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eusko Jaurlaritzako langile publikoen Gabonetako aparteko lansaria bertan behera uzteko erabakiaren aurrean, neurri hori hartzea aurreikusi du Jaurlaritzako hurrengo lehendakari izango denak. Datorren ostegunean hartuko du lehendakari kargua EAJko hautagai Iñigo Urkulluk, eta dagoeneko iragarri du kargua hartu eta gutxira har dezakeen erabakietako bat: funtzionarioen udako aparteko lansaria urtarrilera aurreratzea, nolabait Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bere erabakiarekin egindako kaltea arintzeko.
Bizkaiko Foru Aldundian eta Bilboko Udalean hartutako neurrien parekoa litzateke Urkulluk proposatutakoa. EAJk, hala ere, ez du argitu zein jarrerra hartuko duen, eta ondorioz, ezta Eusko Jaurlaritza berriak zein jarrera hartuko duen ere Konstituzionalak ebatzitakoaren aurrean. Alegia, ez dute esan helegitea jarriko ote duten ala ez. Horretarako 20 eguneko epea dago, eta erabakia luzatzen bada —jarduneko Jaurlaritzak atzeratzen badu—, Urkulluren gobernuari egokituko litzaioke helegitearen inguruan erabakitzea.