Gaddafik dio AEBak orain "beste herrialde bat" direla, eta Obamari "aukera historikoa" emateko eskatu du

2009ko urtarrilaren 22a
15:59
Entzun
Libiako presidente Muammar el Gaddafik gaur adierazi du Barack Obamarekin Ameriketako Estatu Batuak "beste herrialde bat" direla, eta Etxe Zuriko agintari berriari "mundu mailako aukera historikoa" emateko eskatu dio nazioarteari.

"Presidente aldaketarekin AEBak beste herrialde bat dira, eta aurrerantzean nazio inperialista eta herrien etsaia gehiago ez izateko esperantza dut", esan du Gaddafik.

Bideoz grabatu eta satelite bidez AEBetako Georgetown Unibertsitateko ikasleei zuzendutako mezuan, AEBekiko munduko herrak eta herriek sentitzen duten gorrotoa baztertzea galdegin du Gaddafik, herrialde hari "bakearen eta askatasunaren maitale" izatea ahalbidetzeko.

Era beean, nabarmendu du orain "zantzu positiboak" daudela AEBen atzerri politikan; horien artean hauek aipatu ditu Libiako agintariak: Guantanamoko presondegia ixteko asmoa, Iraketik erretiratzeko balizko egitasmoa eta AEBek Afganistanen duten presentzia berrikustea.

Gaddafiren irudiko, beste seinale positiboa litzateke AEBek sakonago ikertuko balituzte beren soldaduek Irakeko Abu Graib espetxean eginiko tortura eta tratu txarrak, baita Saddam Hussein Irakeko presidentearen eta gainerako agintarien exekuzioak ere, "gerra presoak ziren heinean".

Horrez gain, "terrorismoaren" kalifikazio eta kontzeptua berriz aztertzeko eskatu du. Azaldu duenez, "neurriz kanpoko manipulazio orokorra" egin du AEBetako aurreko administrazioak.

Urtetan AEBekin eta honen Europako aliatuekin harreman txarrak izan ondoren, hauek leuntzen joan dira.

Baina Washingtonen eta Tripoliren arteko enfrentamenduaren urterik gogorrenetan, Gaddafiri Europa, Afrika eta Ekialde Hurbileko hainbat talde eta mugimenduri (IRA, Abu Nidalen Al Fata-Kontseilu Iraultzailea, eta abar...) armak eta trebaketa militarrerako erraztasunak eman izana salatu izan dute Etxe Zuritik.

AEBetako armadak Libiako Benghazi hiria bonbardatu zuen 1986an, Mediterraneo itsasoan zuen gerraontzietako batetik. Gaddafiren egoitzetako bat bonbardatu zuen, baina ez zuen presidentea harrapatu, bai, ordea, haren alaba; bonben ondorioz hil zen.

1988an Lockerbien (Eskozia) AEBetako PanAM hegazkin zibil bat erorarazi izanaren atzetik egotea leporatu izan diote Londresko eta Washingtongo gobernuek Libiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.