2015. urtean izandako emaitzen berri eman du Gamesak, ohar baten bidez. Konpainiak 170 milioi euro garbi irabazi ditu, aurreko urtean baino %85 gehiago. Negozioaren martxa ona ikusita, 2017. urterako zituen helburuak aurten betetzeko asmoa aurreratu du zuzendaritzak.
Joan den urtean 3.504 milioi euroren salmentak lortu ditu enpresa eolikoak, 2014. urtean baino %23 gehiago. Potentzian neurtuta, 3.180 megawatt saldu ditu, %21eko hazkundea. India eta Hego Amerika izan dira merkatu nagusiak haize errotentzat, %29ko eta %27ko kuota batekin, hurrenez hurren. Lortutako eskaeren hazkundeak (%17) merkataritza jardueraren "indarra" erakusten duela uste du enpresak.
Urterako ezarrita zituen helburu guztiak gainditu ditu Gamesak. Emaitzak ikusita, dibidendua banatzeko duen ohiturari jarraituko dio aurten: irabazi garbien laurden bat banatuko du akziodunen artean. Aurten 3.800 megawatt saltzea espero du enpresak, heldu den urterako zituen kalkuluak urtebete aurreratuta.