Garatek BERRIAn idatzitako azken iritzi artikulua: "Estresatuta nago" (2009-07-01)

2009ko uztailaren 25a
17:02
Entzun
Mikel Astarloza astearteko etapa irabazlea bezala, Juanma Garate ere BERRIAko zutabegilea da, eta hauxe da joan den uztailaren 1ean idatzi zuena (orain arteko azkena).

Estresatuta nago

(Juanma Garate, Rabobankeko txirrindularia)

Tourra hasteko desiratzen nago. Izan ere, azkeneko egun hauetan estres handia pilatzen dugu eta gogaituta ibili ohi gara. Telefonoa jo eta jo ibiltzen da, eta ez da giro! Gainera, pentsa, herenegun kontrol bat egin zidaten etxean. Guk eman diegu etxean kontrolak egiteko baimena, guk onartu dugu hori, baina UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko kideak izan zuen jarrera... Ba, ez zitzaidan gustatu.

Dauphine Liberen lehiatu nintzen azkenekoz, eta sasoia are gehiago fintzeko lasterketa egokia izan zen. Hara joan aurretik, ordea, Sierra Nevadan, altueran, bi asteko egonaldia egin genuen Robert Gesinkek, Oscar Freirek, Grischa Niermannek, Pieter Weeningek, Bram Tankinkek eta nik. Pedal kolpe polita daukadala uste dut. Pasa den astean, berriz, Tourrean lehiatuko garenok bi eguneko beste egonaldi bat egin genuen Alemanian, taldekako erlojupekoa prestatzeko.

Denisekin [Mentxov] dezente hitz egin dut azken egunetan. Taldean gauza bat argi dago: lasterketa irabazteko hautagai bat daukagu. Konbentzituta ikusten dut. Giroa modu bikainean irabazi zuen. Hortaz, zergatik ez du Tourrean gauza bera egingo? Giroak sekulako konfiantza eman dio.

Haren ondoan egon beharko dut ahal dudan neurrian. Egia esan, ilusio handia daukat. Aurretik joan izan naizenean etapen lehian sartzea edo nagusian ahalik eta ondoan ibiltzea izan da Tourrean nire eginkizuna. Orain, aldiz, Tourra irabazteko hautagai bat daukagu, eta berari lagundu behar diogu.

Alberto Contador besteen gainetik ikusten dut. Mendian ez du hutsik egiten, eta erlojupekoetan gora egin du. Hortaz... Halere, Astanan ez da giro izango. Ea Bruyneelek nola gobernatzen duen oilategi hori... Ibilbidea? Edozein tokitan gal daiteke Tourra; hori argi daukat. Beraz, adi ibili beharko da, eta horrek psikologikoki izugarri eragiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.