Marin Garitano Gipuzkoako aldun nagusiak adierazi du 'Espainia' markak kalte handia egiten diela herrialdeko industriari eta ekonomiari. "Ez da obsesio bat, enpresari asko bat datoz horretan", gehitu du Garitanok.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian egin ditu adierazpen horiek. Aldun nagusiaren esanetan "egoera larria da, baina ez PSE-EEk dion bezain kaotikoa". Garitanoren ustez diskurtso "apokaliptikoek" ez dute askorik laguntzen ekonomia suspertzeko. Erreforma fiskal sakona egitearen alde agertu da, "gehien dutenek gehien ordain dezaten". Erreformarekin enpresei laguntzeko irabazi gehiago lortuko dutela adierazi du.
Bilduren gobernuak emplegua, oinarrizko zerbitzuak eta tokiko produkzioa eta garapena bultzatzeko programa ezberdinak egin dituela nabarmendu du Garitanok; "eredu jasangarri eta egonkor baten aldeko proposamen garbiak egin ditugu". Bide horretan, gainontzeko alderdiei euren ekarpenak egiteko eta elkarlanean aritzeko mezua luzatu die.
PSE-EEk, ordea, "biktimaren papera" alboratu eta behingoz lanean jartzeko eskatu dio aldun nagusiari, "egoera benetan kaotikoa delako". EAJk, berriz, neurri salbuespenezko neurriak hartu ez izana leporatu dio, baita erreforma fiskalaren gaineko xehetasunik ez ematea. PPk ere gobernuarekiko kritikak izan ditu ahotan. Garitanori esan dio 'Espainiako' markaz ez kezkatzeko eta arduratzeko 'Gipuzkoa' markaz.