Gaur izendatu dute Sebastian Piñera Echenique eskuindarra Txileko presidente, Valparaison, Kongresuan egindako ekitaldian. Jorge Pizarro Senatuko presidenteak eman dio agintea. Michelle Bachelet sozialistaren lekua hartu du -2006tik izan da Bachelet presidente-.
Eskubia hogei urtean egon da Txileko oposizioan, baina urtarrilaren 17ko hauteskundeetan nagusi izan zen. Aldaketarako Aliantzako hautagai eskuindarrak botoen %51,60 eskuratu zituen, eta Eduardo Frei hautagai ofizialistak %48,39.
Piñerak duela egun batzuk zioen otsailaren bukaerako lurrikarak aurreikusita zeukan gobernu plana aldarazi diola. "Berreraikuntzaren gobernua izango da".
Piñeraren soslaia
"Pinochetek duela hogei urte utzi zion presidente izateari, eta nire asmoa ez da iraganaren zaintzailea izatea, baizik eta etorkizunaren eraikitzailea". Hitz horiekin diktaduraren mamuak uxatzen saiatu da kanpainan zehar Sebastian Piñera (Santiago, 1949). Augusto Pinochet babestu zutenen gertukoa izateagatik zilegitasuna kentzen saiatu direnen ahots kritikoak isilarazi nahi izan ditu etengabe; izan ere, giza eskubideen alde dagoela eta demokraziarekin konprometituta dagoela berretsi badu ere, errezeloak pizten ditu herritar askoren artean hautagai kontserbadoreak. Piñerak gobernatzeko modu berri bat agindu du, eta, alde horretatik, ustez zentrora egin duen eskuinaren laborategiko hautagaitzat jo daiteke -abortuaren eta homosexualen arteko ezkontzen kontra dago-.
Mende erdian lehen aldiz, beraz, eskuinari hauteskundeen bidezko garaipena ematea; horixe da orain arte egin duen ekarpena. Beste lautan lehiatu izan zen presidentetzarako -Michelle Bacheleten kontra duela lau urte-, baina aldaketarako leloak aldarrikatuz eskuinak osatutako koalizioak eman dio azkenean garaipena.
Harvardeko Unibertsitateko Ekonomia doktorea da Piñera. Eta enpresaren alorrean izan du orain arte arrakasta handiena, politikaren eta negozioen artean interes gatazkarik ez dagoela zehaztu behar izateraino -senataria izan zen aurretik-. LAN hegazkin enpresako akziodun handiena da -Txileko gizon aberatsenetakoa da, mila milioi dolar dituela esaten baita-. Colo Colo futbol taldeko eta telebista kate bateko jabea ere bada -bere enpresek gora egin dute burtsan-.
Piñera ezkonduta dago eta lau seme-alaba ditu. Katolikoa da eta langile fina eta metodikoa izatea aitortzen diote. Haren musika zaletasuna aintzat hartuta eskuineko politikari atipikoa da; izan ere diktaduraren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren abeslariak ditu gustuko: Violeta Parra, Joan Baez eta Bob Dylan, tartean.
Gaur izendatu dute Sebastian Piñera Echenique eskuindarra Txileko presidente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu