Gaur Ororbian atzeman duten gizonezkoa libre utzi du epaileak

2007ko irailaren 20a
18:03
Entzun
Koldo Barandalla atxilotu dute gaur goizean Ororbian (Nafarroa), abuztuaren 4an Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) guardia zibil bat jo eta zauritu egin zuelakoan, baina eguerdian baldintzarik gabe aske utzi du epaileak, Askatasunak jakinarazi duenez. "Guardia Zibilak bera atxilotzeko agindua zutela esan dio, baina ez zegoen atxilotze agindu judizialik. Iruñeko epaitegira eraman dute Barandalla, epailearen aurrera. Ukatu egin ditu akusazio denak eta epaileak bermerik jarri gabe utzi du aske", esan du Askatasunak prentsa oharrean. Hala ere, urriaren 1ean epaitegira azaldu beharko du.

Abuztuaren 4an euskal presoen aldeko manifestazioa antolatu zuten Etxarri-Aranatzen, eta, Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Ordezkaritzak dioenez, debekatu egin zuten, "manifestazioaren antolatzaileetakoak Segi eta Askatasuna legez kanpoko erakundeak zirelako". Istiluak gertatu ziren, eta guardia zibilek beraiek hogei lagun zauritu zituzten.

Barandalla goizeko zazpi eta erdietan atzeman du Guardia Zibilak, kontrol batean. Juan Kruz Aldasoro Batasunaren mahaikidearen kontrako akusazioa ere egin zuten orduan.

Poliziak abuztuan Etxarri-Aranatzen buruturiko "okupazioa" salatzeko (hainbat aldiz kontrolak jarri zituen, esaterako), bertako herritarrek urriaren 7rako manifestazioa deitu dute. 20:00etan hasiko da, Errepresiorik ez, hau ez da demokrazia! leloarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.