Gaurko 46 kilometroko erlojupekoaren zain daude txirrindulariak Espainiako Vueltan. Asteleheneko etapa gogorrean Joaquim Rodriguezek (Katuxa) liderraren elastiko gorria kendu zion Vincenzo Nibaliri (Liquigas). Honi 33 segundoko aldea ateratzen dio. Hirugarren Ezequiel Mosquera (Xacobeo) dago, 53 segundora, eta Frank Schleck (Saxo Bank) laugarrena da, 2.16ra.
Erlojupekoa Peñafielen hasi eta bukatuko da; ibilbide laua du. Sailkapeneko lehen postuetan daudenen artean, Nibali da ibilbide horretan hobekien moldatzen dena, eta italiarrak faboritotzat du bere burua. "Erlojupeko arrunta edo ona eginez gero, hiru minutu atera ahal dizkiot Rodriguezi, eta txarra eginez gero, minutu bat".
Rodriguezek erran du Peñafieldik elastiko gorria soinean duela atera nahi duela. "Vuelta irabazteko pauso handia litzateke". Mosquerak onartu du Nibali dela faborito nagusia gaur. "Baldintza normaletan denbora anitz ateratzen digu guztioi, baina Vueltaren amaiera da, eta indarrez larri gabiltza guztiok". Etapa irabazteko faboritotzat Fabian Cancellara (Saxo Bank) jotzen dute guztiek, sasoi betean ez dagoen arren.
Bihar etapa laua izanen dute (Valladolid-Salamanca, 153 km), eta etzi, profil gogorrekoa ez bada ere, tentuz ibili beharrekoa Piedrahita eta Toledo artean -200 km-. Larunbatekoa, berriz, erabakigarria izanen da: San M. de Valdeiglesias-Bola del Mundo (168,8 km): lehenengo mailako bi mendate igaro ondotik, maila berezikoan bukatuko da, Bola del Mundon. Igandean bukatuko da Vuelta, Madrilen.
Euskal txirrindulariek bost etapa irabazi dituzte aurtengo itzulian: Igor Antonek bi, eta Mikel Nievek, David Lopezek eta Imanol Erbitik bana. Lehen biak Euskaltel-Euskadi taldekoak dira.
Orain arteko etapak
- 1. etapa: Sevilla-Sevilla. Irabazlea: Team HTC-Columbia. Liderra: Mark Cavendish.
- 2. etapa: Alcala de Guadaira-Marbella. Irabazlea: Yauheni Hutarovitx. Liderra: Mark Cavendish.
- 3. etapa: Marbella-Malaga. Irabazlea: Philippe Gilbert. Liderra: Philippe Gilbert.
- 4. etapa: Malaga-Valdepeñas de Jaen. Irabazlea: Igor Anton. Liderra: Philippe Gilbert.
- 5. etapa: Guadix-Lorca. Irabazlea: Tyler Farrar. Liderra: Philippe Gilbert.
- 6. etapa: Carabaca de la Cruz-Murtzia. Irabazlea: Thor Hushovd. Liderra: Philippe Gilbert.
- 7. etapa: Murtzia-Orihuela. Irabazlea: Alessandro Petacchi. Liderra: Philippe Gilbert.
- 8. etapa: Villena-Xorret de Cati. Irabazlea: David Moncoutie. Liderra: Igor Anton.
- 9. etapa: Calpe-Alcoy. Irabazlea: David Lopez. Liderra: Igor Anton.
- 10. etapa: Tarragona-Vilanova i la Geltru. Irabazlea: Imanol Erbiti. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 11. etapa: Vilanova i la Geltru-Andorra. Irabazlea: Igor Anton. Liderra: Igor Anton.
- 12. etapa: Andorra-Lleida. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Igor Anton.
- 13. etapa: Rincon de Soto-Burgos. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Igor Anton.
- 14. etapa: Burgos-Peña Cabarga. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Vincenzo Nibali.
- 15. etapa: Solares-Lagos de Covadonga. Irabazlea: Carlos Barredo. Liderra: Vincenzo Nibali.
- 16. etapa: Gijon-Cotobello. Irabazlea: Mikel Nieve. Liderra: Joaquim Rodriguez.
Gaurko erlojupekoak eta larunbateko etapak erabakiko dute Vuelta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu