Gaurko lekukoen deklarazioak

2010eko urtarrilaren 25a
13:10
Entzun
AKUSAZIOEN LEKUKOAK

=b 'Egunkaria'-ri buruzko txostenik ez duela inoiz ikusi esan du Aizpurua ETAko buruzagitzako kide izanak=b

Txomin Aizpurua preso ohia izan da gaurko saioan deklaratzen lehendabizikoa. ETAko buruzagitzako kide izan zen Aizpurua, eta bera buruzagitzako horretako kide zela ustez erakunde armatuak Egunkaria-ri buruz egindako txosten baten inguruan galdetu diote. Areago, berari atzeman zioten txostena akusazioen arabera. Halako txostenik ez duela inoiz ikusi esan du Aizpuruak txostena erakutsi diotenean. Gauza bera berretsi du akusazioen zein defentsaren galderei erantzunez. Egunkaria-ren proiektuaren berri "gizatean pil-pilean" zegoen gaia zelako zuela erantsi du preso ohiak, eta ez beste bide batzuetatik. Deklarazioaren hasieran eztabaidatxoa izan du Gomez Bermudez epaimahaiburuarekin: egia esango duela zin egiteko eskatu dionean berak zin egin beharrik ez duela erantzun dio, beti esaten duela egia. Epaileak eta fiskalak ez diote galderarik egin.

Otamendiren eta Auzmendiren atxiloketan parte hartu zuten bi guardia zibilek deklaratu dute

Akusazioaren lekukoekin amaitzeko bi guardia zibilek deklaratu dute Txomin Aizpuruaren ondoren. Lehendabizikoak Martxelo Otamendiren atxiloketan parte hartu zuen. Hala ere, hasieran guardia zibil horrek esan du ez zekiela atxiloketa horretan parte hartu zuen edo ez, ez zela gogoratzen. Atxiloketako aktak erakutsi behar izan diote hala izan zela onartzeko. Otamendi nor den galdetu du, eta, ondoren, Zutabe-ak aurkitu zituztela Egunkaria-ko zuzendari zenari egindako miaketan. Non aurkitu zituzten ez zuela gogoratzen esan du, ordea. Bigarrenak Txema Auzmendiren atxiloketan parte hartu zuen. Atxiloketa hartan ez zela irregulartasunik izan adierazi du.

DEFENTSAREN LEKUKOAK

=b Txema Auzmendiri 'Egunkaria' proiektuan aritzeko oniritzia eman ziola agertu du jesuiten buruak=b

Jose Luis Zinkunegi jesuiten burua izan da defentsako lekukoen artean deklaratzen lehena. Txema Auzmendik Egunkaria-rekin izan zuen harremanari buruz aritu da defentsaren galderei erantzunez. Hain zuzen ere, Auzmendi bere kargupean aritu zela eta Herri Irratian lan egitera berak bideratu zuela agertu du. Egunkaria proiektuaren berri Auzmendiren bidez izan zuela erantsi du, eta han aritzeko aukeraz galdetu ziola. Horretarako oniritzia eman ziola erantsi du, egitasmoa bi arrazoirengatik egokia iruditzen zitzaiolako: batetik euskarazko egunkari bakarra izango zelako, eta, bestetik zabala zelako, "euskaraz zekien edonori" zuzendua.

Iñaki Zabaleta: "EAJren eta Egunkaria-ren arteko hasierako hoztasuna apurtu zuena PSE izan zen"

Iñaki Zabaleta EHUko katedradun, kazetari eta idazlea izanda defentsaren bigarren lekukoa. Egunkaria sustatu zuen Egunkaria Sortzeko taldeko kide izan zen Zabaleta, eta kazeta hura sortzeko prozesuaz azalpen ugari eman ditu. Zabaletak agertu du 80.eko hamarkada guztian euskara hutsezko egunkari baten beharrari buruzko eztabaida gizartean izan zela. Bide horretan proiektu bat baino gehiago izan zela oroitarazi du, eta publikoa edo pribatua behar zuen zela eztabaida nagusia. Zabaletak adierazi du euskara hutsezko egunkariak ezin zuela publikoa izan "egunkari publikoak sistema totalitarioetan soilik" egiten direlako. Hori aintzat hartuta, euskarazko kazeta sortzeko Egunkaria Sortzen taldea eratu zela agertu du, "auzolanean" aritzen zirela, eta talde hura oso plurala zela: "'Egunkaria Sortzenekoa zen euskal kulturan izan dezakegun talderik pluralena", azpimarratu du.

Talde horren zuzendaritza batzordean aritu zela adierazi du Zabaletak, eta proiektu hasierako 11 oinarriek erakusten zuten moduan proiektu independente eta zabala egitea zela asmoa. Zuzendaria aukeratzeko prozesuaz ere aritu da, eta onartu du berari proposatu ziotela kargu hori hartzea. Ezetz esan zuela azaldu du, baina beste proiektu batzuetan zegoelako murgilduta. Berak ezezkoa esanda, besteak beste, Imanol Murua Uriari eta Jexux Mari Zalakaini proposatu zitzaiela agertu du. Lehenak kazetari hasi berria zelako eman zuela ezezkoa eta bigarrenak osasun arazoak zituelako. Pertsona gehiagori ere egin zitzaien eskaintza, eta hainbat ezezko jaso ondoren, Administrazio Kontseiluak Pello Zubiria hautatu zuen.

Egunkaria-ren zailtasun ekonomikoak ere hizpide izan ditu Zabaletak. Proiektuak herritarren diruarekin abiatu zela adierazi du, eta, beraz, diru premia izan zela hasieratik. Administrazio Kontseiluan Jaurlaritzako ordezkariak egotea egoki ikusten zutenez, helburu hori lortzeko bera Mario Onaindia PSE-EEko buruzagi zenarekin jarri zela harremanetan azaldu du, Egunkaria-ren eta EAJren arteko harremana bidera zezan. "EAJren eta Egunkaria-ren arteko hasierako hoztasuna apurtu zuena PSE izan zen", azpimarratu du. Ildo horretatik, Egunkaria-k ETArekin harremanik zuela guztiz ukatu du, eta hedabideetatik jakin zuela 1991n eta 1993an ustez Egunkaria ETArekin eta KASekin lotzen zuten txosten batzuk bazirela. Egunkaria-k erakunde horiekin ez zuela inolako zerikusirik ziurtatu du irmo, eta kazetaren erabakietan ez zutela inoiz eragin. "Ez dute sekula eraginik izan, ezin izan dute parte hartu, eta gainera ez genuke sekula onartuko", erantzun dio galderari.

Imanol Murua Uriak dio berak esan ziola Torrealdairi Martxelo Otamendi izan zitekeela zuzendari egokia

Imanol Murua Uria kazetariak ere eman du lekukotza. Muruak agertu du Argia aldizkarian lan egiten zuela berak Egunkaria sortu zen garaian, eta lan talde hartako beste hainbat bezala aldizkaritik kazetan lan egitera igaro zela. Areago, sorrera hartan Egunkaria-ko lehen zuzendari izateko proposamena jaso zuela agertu du, baina bere burua "gazteegi" ikusten zuenez ezezkoa eman zuela. Berak bezala beste zenbaitek ere jaso zuten proposamen hori Muruaren arabera, besteak beste, Joxerra Gartziak, Iñaki Uriak eta Pello Zubiriak. Hala ere, Iñaki Zabaletak bezalaxe ukatu egin du Martin Garitano hautagaien artena zegoela.

Sorreran ez ezik, geroago ere jaso zuen Muruak Egunkaria-ko zuzendari izateko proposamena: 1993an, Joxemi Zumalabe hil eta haren ordez kontseilari ordezkari kargua Iñaki Uriak hartu zuenean. Berriro ere ezezkoa eman zuen, ez zuelako bere burua lan horretarako gai ikusten. Baina arazoari aurre egiten lagundu egin nahi zuen, eta, ondorioz, lan horretarako egoki ikusten zuen beste pertsona baten izena eman zuen, Martxelo Otamendirena. Muruak azaldu duenez, Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakariari berak esan zion Otamendi zuzendari egokia izan zitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.