Gaza berreraikitzeko 613 milioi dolar eskatuko dizkio gaur NBEk nazioarteari Davosko foroan

2009ko urtarrilaren 29a
11:26
Entzun
Israelgo armadak joan den abendu amaieratik Palestinako Gaza eskualdean suntsitutakoa berreraikitzeko eta bizilagunen premia gorrienak asetzeko plana atondu du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Plan hori martxan jartzeko beharrezko diru kopurua 613 milioi dolarrekoa dela aurreikusi du erakundeak, eta nazioarteari eskaera egingo dio gaur, Davosen (Suitza) estaturik aberatsenak egunotan egiten ari diren Munduko Ekonomia Foroan.

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Gazako egoera humanitarioaren berri emango du Davosen.

Erakundearen egitasmoa bederatzi hilabeteetan gauzatzekoa da, eta Israelgo armadak 2006tik ekonomikoki, militarki eta politikoki setiatua eta blokeatua daukan eskualdeko 1,4 milioi palestinarrei laguntzea du helburutzat.

Israelgo armadaren erasoaldiak, Hamasen etxean eginiko koheteen jaurtitzea bukatzeko argudioarekin, hiru aste pasatxo iraun zuen, harik eta AEBetan presidente berriak, Barack Obamak, karguaren zina egin arte.

Erasoaldia, Israelgo agintariek Berun urtua izenez bataiatua, ofizialki erresistentzia palestinarraren kontrakoa bazen ere, bonbardaketen biktima gehienak zibil palestinarrak izan dira. Orotara 1.400 bat palestinar hil zituen Israelgo armadak, horietako 700dik gora zibilak (tartean ume eta zaharrak); gainerakoak Hamaseko eta erresistentziako beste taldeetako ekintzaileak izan ziren (FPLP, FDLP, Jihad Islamikoa, Al Aksako Martirien Brigadak, PRC... eta beste talde batzuetakoak). Zaurituei dagokienez, 5.500 palestinar inguru izan ziren. Erresistentziak 13 israeldar hil zituen, horietako hamar soldaduak eta beste hirurak zibilak. Soldadu israeldarrek nahi gabe beste soldadu bat hil zuten tiroz.

NBEk dituen datuen arabera, zauritutako palestinarren artean 1.55 haurrak dira, eta 795 emakumeak.

Gainera, Israelgo armadak lurrez (tankeekin), airez (gerra hegazkin, helikoptero eta piloturik gabeko airekoekin) eta itsasoz eginiko erasoaldian guzira palestinarren 21.000 etxebizitza (Gazako guzien %13) suntsituta edo oso kaltetuta utzi zituen; "ehunka mila lagun elikagaietara edo oinarrizko ur, osasun eta garbiketa zerbitzuetara iritsi ezinik geratu ziren", NBEren txostenaren esanetan. Txosten hau zabaldu dute gaur Davosko foroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.