2009ko azaroaren 24an, goizaldeko ordu txikitan Guardia Zibila eta Polizia Nazionalak 34 gazte independentista atxilotu gintuzten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Lege antiterroristaren itzalean inkomunikatu eta torturatu gintuzten Madrileko txakurtegietan eta Marlaskaren aginduz espetxeratuak izan ginen gehienak. Hilabete batzuk beranduago, torturatik ihes egitea lortu zuten bost gazte atxilotu zituzten Lapurdin eta beste hiru Italian. Euroaginduak aplikatuz Espainiaratu eta espetxeratu zituzten horiek ere.
Segiko kide izateaz akusatu gintuzten guztiok, justizia espainiarrak terrorista izendatutako gazte antolakundea. Espetxean urtebete eta bi artean igaro genituen eta milaka eurotako fiantzak ordaindu ondoren baldintzapeko askatasunean gaude guztiok: aldioro epaile baten aurrean aurkezteko betebeharrarekin eta askok espainiar estatutik ateratzea galarazita dugu.
Aste honetan hasi da Madrilen 40 gazteren aurkako epaiketa, bakoitzak sei urteko espetxe zigor eskaera dugularik. Auzitegi Nazionalak ez du zilegitasunik euskal herritarrak epaitzeko, salbuespen neurrietan oinarrituta baitago. Behin eta berriz, torturapean lortutako testigantzekin zigortu baititu militante euskaldunak.
Egoera honen aurrean planto egin dugu: ez diegu erraztasunik emango gazte independentistak bidegabeki zigortzeko, ez diegu erraztasunik emango konpromisoa espetxeratzeko, ez diegu erraztasunik emango hurrengo belaunaldiak errepresioaren bidez baldintzatzeko.
Euskal Herri askea dugu amets, independentea, sozialista, feminista eta euskalduna. Borroka honetan murgildu ginenetik, argi genuen errepresioaren hatzaparrak hurbil izango genituela, baina gu espetxeratzeak ez du gure militantzia indartu baino egin. Konpromiso honek bultzatu gaitu erabaki hau hartzera. Argi dugu gure militantzian eragina izango duela, baina ezinbestekotzat jo dugu une honetan guztia baldintzatzea aurrerapausuak eman ahal izateko. Gure etorkizunaren jabe izateko modu bakarra baitugu: antolatzea, borrokatzea eta eguneroko garaipen txikiez askatasunean bizitzea.
Desobedientziaren bidea aspaldi ireki zen herri honetan, inposatutako lege eta zigorrei aurre egiteko. Guk bide horretan beste urrats bat egin nahi dugu, baina gure ekimenak ezinbestean herritarren babesa, parte hartzea eta kolaborazioa behar du. Gurekin batera lanera gonbidatzen zaituztegu dinamika honek fruituak eman ditzan. Herri bat parean izanik soilik lortuko dugu lotuta gaituzten estatuak mugiaraztea eta horretarako lehen zita urriaren 26an dugu Bilbon.
Animo eta kalean ikusiko dugu elkar!
Idoya Iragorri
Goizane Pinedo
Unai Ruiz Pou
Irati Mujika