Tiroketa Herrera mendatean

Gertakarien nondik norakoak

2003ko irailaren 16a
11:57
Entzun
USTEZKO ETAKIDE BAT HILDA AURKITU DUTE TIROKETA GERTATU ETA HAMAR ORDURA

Tiroketan bi ertzain zauritu zituzten, eta bigarren erasotzaileak mendian barrena ihes egitea lortu zuen

eider goenaga - <>DONOSTIA<@$p>

Ustezko etakide bat hil ®¢Acebesen arabera, Arkaitz Otazua®¢ eta bi ertzain zauritu ziren herenegun gauean Herrerako mendatean (Araba) gertatutako tiroketan. Igandeko 22:30ean gertatu zen tiroketa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera bi etakidek ertzainei jarritako segada baten ondoren. Hildakoaren gorpua tiroketa gertatu eta hamar ordura aurkitu zuten. Hildako gaztearekin batera, bigarren pertsona bat ere bazegoen, eta hark ihes egitea lortu zuen. Angel Acebes Espainiako ministroak eman zuen ere ihes egin zuen gaztearen izena: Asier Mardones.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Javier Balzak esandakoaren arabera, ustezko bi etakideek istripu bat irudikatu zuten Herrerako mendatean, Ertzaintzaren kontrako segada jarri eta atentatua egiteko. Erasotzaileek kanoiak moztutako eskopetarekin egin zieten tiro ertzainei, eta haiek ere tiroz erantzun zuten.

Istripua aitzakia

Bertsio ofizialaren arabera, igandeko 22:15ean istripu baten berri ematen zuen deia jaso zuen SOS-Errioxak. Deia sakeleko telefono batetik egin zuten, eta deitzaileak adierazi zuen istripu bat izan zuela Herrerako mendatean, Errioxako Balkoiaren inguruan. Istripua Araban gertatu zenez, SOS-Errioxatik Biasteriko Ertzaintzaren komisaldegira deitu zuten, eta handik joandako bi ertzainak dira tiroketan parte hartu zutenak.

«Argi dago tranpa bat dela, deia prestatua zegoela, istripuaren aitzakian bertaratzen ziren agenteak hiltzen saiatzeko», adierazi zuen Balzak, zauritutako ertzain bat bisitatzera Txagorritxuko ospitalera joan zenean. Balzak, ondoren, tiroketa nola gertatu zen azaldu zuen. Esan zuenez, bi ertzainek istripuaren zantzurik ez, baina bidean gurutzatutako ibilgailua ikusi zuten. «Ertzainen autoa iritsi bezain pronto hasi ziren (ustezko etakideak) tiroka, agenteak ibilgailutik atera aurretik», gaineratu zuen sailburuak, ertzainek emandako erantzun «azkarra» goraipatuta.

Ertzainak ere tiroka hasi ziren, eta irratiz laguntza eskatzen ari zirela, ustezko bi etakideek mendian gora ihes egin zutela dio Herrizaingo sailburuak. Ertzainek adierazi zuten horietako batek balaz zaurituta egin zuela ihes, eta atzo goizeko 8:05ean aurkitu zuten ustez Arkaitz Otazuarena den gorpua; Ertzaintzaren arabera «atentatua gertatu zen lekutik gertu» ®¢ez dute argitu zenbat metrora®¢.

Familiak gorpua identifikatzeko eskatu du

Balzak ez zuen hildakoaren izenik eman nahi izan, eta Acebesek Otazuaren izena zabaldu izana kritikatu zuen. Ertzaintzak, baina, Otazuaren gurasoen Bilboko eta Errioxako etxeak miatu zituen; eta familiari hildako ustezko etakidea Arkaitz Otazua zela ere ertzainek esan zioten. Gurasoek gorpua identifikatzea eskatu zuten.

Ustezko bi etakideek autoa utzita egin zuten ihes, eta auto barruan haien dokumentazioa aurkitu zuten ertzainek, tiroketaren ostean. Hain zuzen ere, horiek baliatuta egin zituen Ertzaintzak atzoko miaketak eta identifikazioak. «NANak aurkitu izanak lagundu egiten du haien ingurunean ikerketa egiten», esan zuen horri buruz Balzak.

Bi gazteek erabilitako ibilgailuari dagokionean, tiroketa baino zerbait lehenago lapurtu zuten. Hain zuzen ere, tiroketa gertatu eta berehala, Ertzaintzak zuhaitz bati lotuta zeuden Logroñoko senar-emazteak aurkitu zituen. Haiek adierazi zutenez, bi gazteek pistolarekin mehatxatu eta autotik aterarazi zituzten, eta beraiena zen segada egiteko erabili zuten Fiat Uno markako autoa.

Senar-emazteei pistolarekin lapurtu zieten ibilgailua eta autoan hainbat bala ere aurkitu zituzten ertzainek; Balzak, horrela, ihes egin zuen gazteak pistola eraman dezakeela eman zuen jakitera atzo.

Hasiera batean, Herrizaingo Sailak ez zuen azaldu ustezko etakideak nola iritsi ziren Herrerako mendateraino. Arratsaldean, baina, Ertzaintza BI-9278 matrikuladun gris koloreko Ford Mondeo baten bila zebilela zabaldu zuten. Herrizaingo Sailaren arabera, hirugarren pertsona batek eraman zituen ustezko bi etakideak Herrerako gaineraino, eta, haiek han utzita, alde egin zuen.

 

P AUTOPSIA

Tiro bakarra jaso zuen hildakoak izterrondoan

Izterrondoan jasotako tiro bakar baten ondorioz hil zen Arkaitz Otazua ustezko ETAko kidea, Gasteizko Auzitegi Institutu Anatomikoan egindako autopsiaren arabera. Ikerketako iturriek Efe agentziari azaldu ziotenez, hildako gaztearen gorpuak bala zauri bakarra du: izterrondoaren aurreko aldetik sartu zen bala, eta atzekotik atera.

Atzo iluntzea bitartean Ertzaintzak ez zuen ETAko ustezko kidea hil zuen bala aurkitu eta, iturri berberek adierazi zutenez, azkenean atzematen ez badute zaila izango da tiroa zein armarekin egin zioten zehaztea.

Arkaitz Otazuaren gorpua atzo 13:30ean altxa zuten, epailearen aginduz, gorpua aurkitu eta bost ordu eta erdira.

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.