Bizkaiko zahar etxeen lan gatazkaren inguruan gezurretan aritzea eta bere "etika eskasa eta miseria humanoa" agerian utzi izana leporatu dio sindikatuak. Hamalau eguneko greba hasi zuten atzo Bizkaiko zahar etxeetan, ELAk deituta, baina LABek ohar bidez gaitzetsi egin du Bizkaiko ahaldun nagusiaren jarrera. "Gutxieneko zerbitzuek erabiltzaileen duintasuna berma zezatela exijitu zuen, langileen grebarako eskubidearen gainetik".
Eusko Jaurlaritzak ezartzen du gutxieneko zerbitzuek zenbatekoak izan behar duten, eta %80an ezarri zituen. ELA horren kontra agertu zen, eta auzitara joko zuela ere iragarri zuen, azken grebatik dezente igo baita ehuneko hori (%60an ezarri zuten azkenekoan).
ELAk egin bezala, LABek ohartarazi du zahar etxeetako gabeziak ez direla greba egunetan soilik ematen, baizik eta eguneroko kontua direla, eta horren jabe direla erabiltzaileak eta haien senideak: "Ez daude behar diren adina langile".
Gatazka hauteskunde kanpainarako erabiltzea leporatu diote Rementeriari, eta "EAJk bultzatu duen dependentzia sistema justifikatzeko" gezurretan aritzea egotzi diote.