GHK-ko kontu hartzaileak diputazioari igorritako txostena jaso duela baieztatu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean. Txosten hori aztertzen ari direla-eta, ez du edukiari buruzko baloraziorik egin. Edonola ere, "oso lasai" dagoela adierazi du, azalduz erakunde horren egonokortasuna nahiz errauste plantaren egitasmoa mantenduko dituztela.
"Kudeaketa iluna" salatu du EH Bilduk
Koalizioaren ustez alarma guztiak piztu ditu GHKren desegitearen inguruko informazioek, eta kezkatuta agertu dira Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa eta Hondakinen Kontsortzioaren bideragarritasun ezaren aurrean. EH Bilduren ustez, informazio horiek "agerian uzten dute aldundiaren ezkutaketa errauste planta eraikitzeko sortutako egitura juridiko, ekonomiko eta instituzionalaren inguruan".
Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, "informazio oso garrantzitsua ezkutatu da, bai herritarrei eta baita ordezkari politikoei" eta Markel Olano Ahaldun Nagusiaren eta Ingurumeneko eta Ogasuneko diputatuen presazko agerraldia eskatu du beharrezko azalpenak emateko.
Koalizioarentzat "larria eta kezkagarria" da GHKren egoera, "administrazio publikoen arloko erakundeei ezarritako zero defizitaren baldintza ez duelako betetzen". Orain artean egorea horren berri ez jakinaraztea salatu du Olanok eta guztiaren atzean "foru Gobernuak errauste planta eraiki ahal izateko sortutako entitateetan kudeaketa iluna" ikusten dutela azaldu du.
Olanoren hitzetan, "ezkutukeriaz" jokatu du aldundiak, eta orain "zertan ari diren argi eta garbi" esateko eskatu du, "zer egoeratan dagoen errauste planta egiteko sortu zuten entramatu juridiko, ekonomiko eta instituzionala".