Emakumeen Bigarren Mundu Martxa gaur, martxoak 8, abiatuko da Brasilen, emakumeen eskubideen aldarrikapena gordetzen duen lekukoa munduan barrena eramateko: Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Munduko Gutuna
Agurtzane solaberrieta - DONOSTIA
Milaka emakume eta gizon aterako dira gaur kalera Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta. Urtero bezala, goiz eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira talde feministek eta gizarte eragileek deituta. Arratsaldean izango dira manifestazio nagusiak Euskal Herriko hiriburuetan eta guztiek lelo bera izango dute: Globalizazio matxistaren aurka, iraultza feminista!.
Aurtengo egunak badu zer ospaturik, talde feministen iritziz. Izan ere, gaur kaleratuko da Brasilen Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Mundu Gutuna.Gutuna kaleratzearekin batera abiatuko da Emakumeen 2. Mundu Martxa ere. Martxarekin batera, gutuna eskuz esku iritsiko da urriaren 17an Burkina Fasora, bost kontinenteetatik pasatu ostean. Tartean, Euskal Herrian ere alde batetik bestera ibiliko da agiria, maiatzaren 24tik 27ra bitarte. Martxaren helburua argia da: gutunaren edukiak eta horrek adierazten duena gizarteratzea. Emakumeen Mundu Martxa ekimena 1995ean abiatu zen, Quebecen. 850 emakumek hamar eguneko ibilbidea egin zuten Montrealeraino, pobreziaren kontra. Hiru urte geroago 65 herrialdetako 140 emakume elkartu ziren berriz ere Quebecen bertan eta Emakumeen Mundu Martxa mugimendua sortzea erabaki zuten, hau da, nazioarteko sare feminista. 2000n emakumeen arteko aliantza sendotu eta plataforma sortzeko urratsa egin zen, bi aldarrikapen nagusirekin: emakumeen pobrezia eta emakumeen aurkako indarkeria salatzea eta beste mundu bat posible dela aldarrikatzea. Helburua hurbileko botere lokaletara zein mundu mailan boterea eta erabaki ahalmena duten erakundeetara Nazio Batuen Erakundera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankura emakumeen eskariak iritsaraztea izan zen. Oraindik, dena den, ez dute erantzunik jaso.Orduz geroztik lanean jarraitu du Mundu Martxak eta zeregin nagusia emakumeen eskubideak aitortzen dituen gutuna idaztea izan da. Aldarrikapenetatik ekintzetara igarotzea hain zuzen. Gutuna abenduaren 10ean onartu zuten, Kigalin (Ruanda) eginiko Mundu Martxaren Nazioarteko V. Topaketetan. Gutun hori sortzeko mundu osoko emakume taldeek hartu dute parte eta bertan emakumeen proposamen eta nahiak jaso dira, emakumeenganako askatasun, berdintasun, elkartasun, bake eta justizian oinarritutako mundua lortzeko. Mundu Martxa ekimenean 163 herrialdetako 5.500 emakume talde daude ordezkatuta. Euskal Herriko emakumeak ere ordezkatuta daude. Emakumeen Mundu Gutunak gaurtik aurrera eta urriaren 17a bitarte, kontinente guztiak zeharkatuko ditu.
Euskal Herriko Plataforma
Euskal Herriko mugimendu feministak gogotsu hartu zuen Mundu Martxa. Hala, talde feminista, sindikatu eta banakako hainbat emakume elkartu ziren duela bi urte, plataforma bat osatzeko: 2005eko Emakumeen Mundu Martxarako Plataforma. Orduz geroztik, beste mundu baten alde, emakumeen eskubideen alde eta diskriminazioaren aurka lan egiten ari da.
Plataformako kide da Maixabel Gaztañaga. Berak azaldu duenez, Mundu Martxak dituen koordinazio guneetan (mundu mailakoa eta kontinente mailakoa) dago ordezkatuta Euskal Herriko Plataforma. Taldeak Mundu Gutunaren lanketan hartu du parte. Une honetan, Euskal Herriko Emakumeen Eskubide eta Aldarrikapenen Gutuna egiten ari da plataforma. Agiria mundu martxa Euskal Herrira iristen denean aurkeztu eta kaleratuko du. Gaztañagaren esanetan, Euskal Herriko emakumeek, beste edozein herrialdetako emakumeek bezalaxe, arazo eta kezka propioak dituzte. «Gure hurbileko gizarteari, Euskal Herriari, emakumezkook gureak diren eta gure gizartean aitortuak ez ditugun eskubideak zeintzuk diren ozen azaldu nahi diogu». Gaur emakumeei dei berezia egingo diete: gutunaren lanketan parte hartzeko deia. Gaztañagak adierazi duenez, Mundu Gutunaren errelebu martxarekin batera, Munduko Elkartasun Manta osatuko da. Martxa herrialde batera iristen denean, hango emakumeek bizi duten egoera azaltzen duen oihal puska josiko dute. Hala, urriaren 17an Burkina Fasora heltzean, mundu osoko emakumeen errealitateak biltzen dituen manta erraldoia lortuko da. Manta horretan egongo da Euskal Herriko Gutuna ere. Egun horretan ere mundu osoan 24 orduko lanuztea egingo da; herrialde bakoitzean ordubetekoa.
Globalizazio matxistaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu