Denbora beharko da bere neurrian aztertzeko baina, seguru aski, Joan Paulo II.a izan da Eliza katolikoak bere historiaren azken hamarkadetan izan duen buruzagirik erabakitzaileena; Joan XXIII.arekin batera, baina justu kontrako arrazoiengatik. Roncalik egin zuena, Vatikanoko II. Kontzilioa, Wojtylak desegin zuelako.
Eliza katolikoa, munduan dagoen indartsuena eta eraginkorrena, bidegurutzean utzi du Wojtylak. Sektore aurrerazaleenak uxatu egin ditu kontserbadoreenak indartu dituen neurri berean. Agindua hartu eta gutxira Ertamerikan eta Hegoamerikan ibili zen inguru haietan oinarriko katolikoen artean indarra hartzen ari zen Askapenaren Teologiaren aurka. Oso kritika gogorrak egin zituen erlijioa ulertzeko eta praktikatzeko beste era bat bultzatzen zuten apaiz, moja eta gotzainen irizpideak kritikatuz. Artaldera biltzeko eskatu zien denei artzainak, Eliza Katolikoaren barruan segitu nahi bazuten.
Jokabide hori oso ondo adierazten du Managuako aireportuan egindako argazki historiko batek. Sandinistak Nikaraguan agintean zeuden garaiak ziren, 1983a, eta Ernesto Cardenal apaiz eta poeta ezaguna sandinesten gobernuan zegoen Kultura ministro. Joan Paulo II.aren lehen bisita zen Nikaragua sandinistara. Managuako aireportuan Nikaraguako Gobernua zeukan zain, Ortega presidentea buru zela. Banan-banan eman zien eskua Erromako Gotzainak gobernuko kideei eta Cardenal ministroa belaunikatu egin zen Joan Paulo II.a bere parera iritsi zenean. Une horretan errieta egin zion Aita Santuak apaiz ministroari, gobernu sandinista utzi zezan eskatuz. Hatz erakuslearekin seinalatuz «zuk konpondu egin behar dituzu Elizarekin dauzkazun aferak», esan zion Eliza katolikoaren buruak belaunikatuta irribarretsu begiratzen zion apaiz ministroari. Baina esaldi hura, sententzia hura, ez zen Cardenalentzat bakarrik; Joan Paulo II.a Askapenaren Teologia gidatzat hartua zeukaten milaka apaiz, moja eta gotzainentzat ari zen hizketan.
Cardenalek ez zuen gobernu sandinista utzi eta Vatikanoak ad divinis suspenditu zuen 1985ean. Zer diren gauzak, handik urte batzuetara , 1994an, Cardenalek, ezadostasunak tarteko, utzi egin zuen militantzia sandinista.
Bi hamarkada haietan, 80 eta 90ekoetan, etengabekoa izan zen Vatikanoak, Ratzinger kardinal alemanaren gurutzada buru zela, elizkide progresistei egin zien jazarpena. Ez Ertamerikan eta Hegoamerikan bakarrik, Europan ere zenbait unibertsitate katolikotan itzal handiko hainbat irakasleri galarazi zioten eskolak ematea.
Baina lehen munduan gizarteak asko aurreratu du, batik bat, gai sozialetan , Eliza katolikoak aurkako norabidea egin duen bitartean. Kexu dira San Pedroren ondorengoak laikotze prozesu indartsua gertatzen ari delako lehen eta bigarren munduan. Azken hamarkada hauetan zer jokabide eduki duten aztertzeak ez lieke kalte egingo Erromako erretoreei. Uxatu egin dituzte gazteak elizetatik, belaunaldi gazte horiek, laizismoaren hainbat planteamendu normaltasun osoarekin barnetatuta dauzkatenek (praktika sexual gozagarria, antisorgailuak, izatezko bikoteak, zientzia/dogma lehia...), ez dute ulertzen Eliza katolikoaren buruen tema historia gelditzeko.
Joan joango dira gero gazte horiek, milaka, Aita Santu mediatiko batentzat espreski antolatutako zeremonia handietara; gero, fokoak itzaltzen direnean, eguneroko bizitza laikora itzultzeko. Lehen eta bigarren mundua, etorkizuneko proiekzioan galdutzat emanda Hegoamerika eta Afrikan jarriko du biziraupen itxaropena Vatikanoko buruzagi berriak. Kristaututakoek kristautzaileen ondorengoak kristautu beharko dituzte.
Asko dauka jokoan Vatikanoak hurrengo urteotan: oraingo bide estu eta zurrunetik edo, Askapenaren Teologiakoek proposatu bezala, sustraietara joko duen bidetik eramango duten erabakitzailea izango da. Gogo-jardunen garaia heldu zaie.
IRITZIA
Gogo-jardun garaia
Martxelo Otamendi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu