Espainia / Inbestidura saioa

Goizeko saioaren laburpena

Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatu du EAk, eta marko juridikoa aldatzeko Nafarroa Baik

2004ko apirilaren 16a
14:07
Entzun
EAren abstentzioa berritze demokratikoaren aldeko apostua

EAren Espainiako Kongresuko diputatu Begoña Lasagabasterrek inbestidura bozketan abstenitu egingo direla berretsi du bere hizketarako txandan. Abstentzio hori, neurri batean, Zapateroren aldeko itxaropen apostua dela azaldu du Lasagabasterrek; hots, Espainiako hurrengo Gobernu sozialistak berritze demokratikoa ekar dezakeenaren esperantzaren adierazpena.

Ildo horretatik, Espainiako azken legegintzaldian oinarrizko askatasunen murrizketa handiak izan direla oroitarazi du EAko diputatuak, eta, halaber, PSOE PPren bidelagun izan dela murrizketa horietan. Hori dela-eta, adierazpen askatasunaren aurkako neurriak baztertzeko eta Batasunaren ilegalizazioa eragin zuen Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatu dio Zapaterori.Ohartarazi dio presoen hurbiltzea eta torturen desagertzea defendituko dituela EAk.

Ibarretxeren Planaz

Eusko Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena (Ibarretxeren Plana) ere izan du mintzagai EAko diputatuak; batik bat, Zapatero hautagaiak atzo iluntzeko saioan Josu Erkoreka EAJ diputatuari egin zion oharraren haritik. Izan ere, Ibarretxeren Planaren inguruko jarrera "zuzentzeko" galdegin zion PSOEko buruzagiak diputatu jeltzaleari. "Zuzenketa" galdegite hori zer zen argitzeko eskatu dio Lasagabasterrek: eskaera bat edo baldintza bat. Baldintza bat balitz, Zapaterok hainbestetan adierazi duen elkarrizketarako jarrera auzitan geratuko litzatekeela azpimarratu du EAko diputatuak.

Espainiako presidentegaiak erantzun dio Planaren zuzenketa ez dela conditio sine qua non bat, baina, hala ere, azpimarratu du "Estatutuaren ereduak adierazten duena oinarritik" aldaltzen duela Jaurlaritzaren proposamenak, eta euskal herritarren %50aren borondatearen kontra egin dela.

Euskaraz hasi du Barkosek hitzaldia

Euskaraz abiatu du Nafarroa Baiko Espainiako Kongresuko diputatu Uxue Barkosek inbestidura saioko bere mintzaldia. Hasteko, politika egiteko modu berri bat eskatu dio Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuko presidentegaiari, eta, politikagintza berri horretan beraiek bide lagun izango dituela gehitu. Beste gauza bat ere garbi utzi nahi izan dio: bakearen aldeko konpromezua eta indarkeriaren kontrakoa. Hitz horiek gehiago errepikatu beharrik ez izatea espero duela jakinarazi dio, gainera.

Zapaterok erakutsi duen elkarrizketarako jarrerarekin poztu egin da. Ildo horretatik, orain arte elkarrizketarik ez dela egon, eta Zapaterok berak elkarrizketa hori batzuetan lagundu egin duela gogorarazi dio.

Zapaterok nazioarte gaietan gerra prebentiboaren ordez diplomazia prebentiboa erabili behar dela esan duela-eta, estatuan ere badela horren beharrik esan dio, eta Espainiako Gorteetako hauteskunde bezperan Espainiako Polizia Nazional batek Iruñean Angel Berrueta hil zuela gogorarazi.

Dibertsitatean elkarbizitza

Dibertsitatean elkarbizitza egiten ikasi behar dela esan dio Barkosek Zapaterori, eta gainera, parlamentuko 50 legebiltzar inguru egungo politika eredua aldatzearen alde daudela gogorarazi.

Eskaera batzuk ere egin dizkio. Adibidez, Itun Antiterrorista oso desegokia dela, eta atzera egiteko eskatu dio. Itunak baztertu egiten duela, eta ez duela balio iritzi dio Barkosek, beraz, horri buelta eman nahi badie laguntzeko prest dagoela jakinarazi dio.

Estatuaren marko juridikoa aldatzeko eskatu dio. Oraingo konstituzioak “agindu” egiten duela, eta orain behar dena eraikitzeko arautegia dela esan dio.

Hori guztia argi utzita gero, Nafarroa Baiko ordezkariak galdera batzuk egin dizkio. Nafarroari dagokionean UPNk euskarari egiten dion akosoaren aurrean zer egiteko asmoa duen galdetu dio, Bardeetako kontratua amaitzen dela-eta berritzeko asmorik ba ote duen, harreman instituzionaletan ze jokamolde hartu behar duen… Galdera orokorragoak ere egin dizkio, adibidez, genero indarkeriaren legea egiterakoan emakume taldeek parte hartuko ote duten kezka azaldu du.

Amaitzeko, ilusio eta itxaropenarekin dagoela esan du, nahiz eta hurrun egon. Horregatik abstenitu egingo dela berretsi du.

Zentzuzkoa

Dibertsitatean elkarbizitzeko proposamena zentzuzkoa dela erantzun dio Zapaterok Barkosi. Distantzia handia dagoela, baina, jarrera ona duela, eta baduela asmoa.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala ahalik eta gutxien erabiltzeko asmoa duela gaineratu du gero, arazoak elkarrizketaren bidez konpondu nahi dituela, auzitara jo beharrik izan gabe.

Legeak egiterakoan herritarrek eta gizarteko kolektiboek parte hartze handia izango dutela jakinarazi du, emakumeek genero indarkeriaren legea egiterakoan parte hartuko duten galderari erantzunez. Hala, demokrazia zibikoa egin nahi duela, eta gizarteak ere bere ardurak hartu beharko dituela.

Talde mistoko gainerakoek Zapateroren aldeko boza

CC Coalicion Canaria eta talde mistoko gainerako ordezkariak mintzatu dira gaurko ekitaldian. EAk eta Nafarroa Baik ezik, osterantzeko denek —CCk, BNG alderdi galiziarrak, eta CHA Chunta Aragonesistak— Zapateroren aldeko boza emango zutela iragarri dute beren txandetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.