Gorenak ebatzi du estatuei dagokiela zigorrak batzearen Europako arauaren ondorioak zehaztea

2015eko otsailaren 18a
17:38
Entzun

Kepa Pikabea euskal presoak Frantzian betetako espetxealdia kontuan hartzeko eskatuz aurkeztutako helegitea baztertu zuen Auzitegi Gorenak, eta ebazpen hura argitaratu du.

Europako Batzordeak 2008an onartutako zuzentaraua "printzipio bat" dela aitortu du Gorenak, baina erantsiz hainbat atal ez zituztela zehaztu. Hori horrela, Pikabearen helegitearen aurka egin duten epaileek uste dute zigorrak batzeari buruzko zuzentarauak estatuen zigorren "elkar aitortze" bat ezartzen duela, baina estatuei dagokiela arau horren ondorioak zehaztea.

Bete beharrekoa

Boto partikularra aurkeztu dute Auzitegi Goreneko sei epailek erabakiaren aurka. Europako Batzordeak 2008an onartu zuen zigorrak batzeari buruzko zuzentaraua. Arau hori bete beharrekoa da Europako Batasuneko estatu guztientzat, eta horretarako, nork bere legerian txertatu beharra dauka. Horretarako epe muga ere ezarri zuen Europako Batzordeak: 2010eko abuztuaren 15erako behar zuen jasoa arauak estatu bakoitzeko legeetan.

Espainiakoak, ordea, zokoratua izan du gaia orain arte. Iazko abenduan bihurtu zuen lege organiko, baina Europako idazkiari hainbat moldaketa eginda. Zigorren batura gauzatzeko hainbat baldintza jarri zituen PPk, eta bere botoekin onartu zuen moldatutako araua. Euskal presoak onuratik kanpo uzten dituzte, praktikan, baldintza horiek.

Espainiako legeak jasotzen duen berezitasunetako bat da Europak agindutako zigor baturarik ez zaiela egingo 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigorra jaso zutenek. Euskal preso historikoak multzo horretan sartzen dira, eta, beraz, onuratik kanpo geratuko lirateke, automatikoki, Espainiako legearen arabera. Hori da Pikabearen kasua, eta horixe argudiatu zuen Auzitegi Gorenaren gehiengoak espetxealdia gutxitzeko eskaerari ezezkoa emateko.

Baina Espainiako arau hori 2014ko abenduan bihurtu zen lege. Presoak aurrez egina zuen zigorrak batzeko eskaera. Eta nazioarteko zuzenbidearen oinarrietako batek dio ezin dela zigorrik ezarri atzerako eraginez. Alegia, gaur onartutako arau bat ezin zaiola atzoko gertaera edo delitu bati ezarri, ez bada zigortuarentzat onuragarria delako. Atzera ezintasun printzipio hori Espainiako Konstituzioak ere jasoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.