Gorenak "talde terroristako" kidetzat jo ditu 'Haika-Segiko' auzipetuak

2007ko urtarrilaren 20a
13:09
Entzun
005ean legez kanpoko erakunde zirela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta epai hori baliogabetu du orain Auzitegi Gorenak. Seina urteko kartzela zigorra ezarri die Auzitegi Gorenak, eta denak atxilotzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Orain arte hiru daude atxilotuta: Iker Frade, Igor Ortega eta Amaia Arrieta.

Imanol Murua Uria

Haika-Segi auziko 23 gazte espetxerako bidean dira. Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Auzitegi Nazionalak 2005. urtean emandako epaia, ezker abertzaleko gazte mugimenduak «erakunde terrorista» direla ebatzi du, 24 auzipetuetatik 23ri seina urteko kartzela zigorra ezarri die, eta bakarra errugabetu du. Auzitegi Gorenak atzo eguerdian epaiaren berri eman eta berehala, Auzitegi Nazionalak 23 zigortuak bilatu eta atxilotzeko agindu zien Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari, espetxealdia bete dezaten.

Batzuk atxilotuta daude dagoeneko. Iker Frade herenegun atxilotu zuen Ertzaintzak, Bilbon, presoen eskubideen aldeko ekimen baten ostean. Eta atzo iluntzean Bilboko epaitegietatik Basauriko espetxera eraman zuten. Amaia Arrieta eta Igor Ortega Guardia Zibilak atxilotu zituen, Donostian, Intxaurrondo auzoan.

Auzipetu gehien gehienen bizilekuetara joan ziren poliziak atzo, baina ez zituzten etxean topatu. Esaterako, Zamudion (Bizkaia), Espainiako Polizia Ibon Meñikaren bila joan zen haren gurasoen etxera. Donostian, Guardia Zibila Ugaitz Elizaran atxilotzera joan zen haren etxera, Intxaurrondora, eta Ertzaintza, berriz, Markel Ormazabalen bila, Alde Zaharrean.

AUZIPETUEN AGERRALDIA. Bilatze eta atxilotze agindupean egonagatik, gaur eguerdian agerraldia egiteko asmoa dute Haika-Segi auziko zigortuek, Auzitegi Gorenaren epaiari buruzko balorazioa egiteko. Atzo arratsaldean hedabideetara bidalitako prentsa oharrean asmo hori adierazi zuten behintzat, agerraldia non egin asmo duten zehaztu gabe.

Auzipetu guztiek dagoeneko egina dute zigorraren zati bat, behin-behineko kartzelaldia bete behar izan baitzuten, auzia instrukzio fasean zegoen bitartean. Zazpik lau urteko espetxealdia egin zuten epaitu aurretik, beste hamabik hiru urtetik gorako kartzelaldia egina dute jada, bik urtebetetik gorakoa, eta beste bik urtebetetik beherakoa -Ibon Meñikak hamar hilabete, eta Markel Ormazabalek hogei egun-.

Auzitegi Gorenak errugabetu duen auzipetuak, Egoitz Lopez de la Callek, hiru urte eta hamar hilabete egin zituen giltzapean, epaiketa egin aurretik.

Atxilotze agindupean daudenen artean Olatz Dañobeitia dago, Batasunaren negoziazio batzordeko kidea. Uztailean PSE-EEko zuzendaritzarekin bilera egin zuen ordezkaritzako kide izan zen Dañobeitia, Arnaldo Otegirekin eta Rufi Etxeberriarekin batera.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkezteko aukera dute orain auzipetuek. Hala eginez gero, Konstituzionalak erabakia hartu bitartean espetxeratze agindua bertan behera uztea ere eskatu ahal izango lukete defentsako abokatuek.

HIRU ETA BI. Bi magistraturen desadostasunarekin hartu du erabakia Auzitegi Goreneko Zigor Salako epaimahaiak, eta hiruren adostasunarekin. Zein epailek zer bozkatu duen ez zuten jakinarazi atzo, baina bik boto partikularra aurkeztu dutela, bai. Juan Saavedra da epaimahaiburua, Francisco Monterde Ferrer txostengilea, eta Miguel Colmenero, Andres Martinez Arrieta eta Joaquin Gimenez gainerako magistratuak. Gimenez ez beste guztiak joera kontserbadoreko epaileak dira.

Epaiaren azken zatiaren berri baino ez zuten eman atzo, erabakiari dagokion atala alegia, zer argudio erabili duten argitu gabe, beraz. Besterik gabe, 23 zigortuei «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diela jakinarazten du epaiaren azken zati honek eta, seina urteko kartzela zigorrera ezezik, sufragio pasiborako eta kargu publikorako inhabilitaziora ere zigortzen dituztela, sei urterako baita ere.

Atzo jakinarazitako erabakiarekin, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 4. Salak 2005eko ekainaren 21an emandako epaia baliogabetu egin du Auzitegi Gorenak. Alfonso Guevara, Carlos Ollero eta Santiago Pedraz magistratuek izenpetutako epaiean, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak legez kanpoko erakunde direla ebatzi zuten, baina armarik erabiltzen ez dutenez erakunde terroristatzat ezin direla hartu argudiatu zuten. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zien hamasei auzipeturi -gazte erakundeetan arduradun zirelakoan-, bi urte eta erdikoa beste zortziri -zuzendaritzan parte hartzen ez zutelakoan-, eta errugabetu egin zituen beste lau -Aitziber Perez, Mikel Ayllon, Patrick Jimbert eta Arkaitz Rodriguez-.

ERABAKIA ATZERATZEN. Auzitegi Nazionalak epaia eman ostean inor ez zuten espetxeratu, batzuk ordurako zigorra bera baino espetxealdi luzeagoa betea zutelako, eta beste kasuetan kasazio helegiteei buruz erabaki artean espetxeratze agindua bertan behera utzi zutelako.

Alde guztiek aurkeztu zituzten kasazio helegiteak Auzitegi Goreneko Zigor Salan. Fiskaltzak eta AVTk gazte mugimenduak erakunde terroristatzat jotzea eskatu zuten, eta kartzela zigorrak gogortzea. Hamar urteko espetxe zigorrak eskatu zituen auzipetuentzat fiskalak, hamabost urteko zigorrak AVTk. Defentsak denak errugabetzeko eskatu zuen, Jarrai, Haika eta Segi legez kanpoko erakundeak zirela ebazteko oinarririk ez zegoela argudiatuta.

Joan den azaroaren 16an egin zuten kasazio helegiteei buruzko auzi saioa Auzitegi Gorenean, Madrilen. Joan den azaroaren 30a bitarteko epean ematekoa zuten epaia, baina «auziaren konplexutasuna zela eta» epea luzatzea erabaki zuten bost magistratuek, urtarrilaren 18ra arte. Epe hori ere luzatzea erabaki zuten, ordea, aste honetan bertan, eta otsailaren 8an ezarri zuten muga. Baina azken epe hau agortu baino lehen jakinarazi dute, azkenean, erabakia, epaia oraindik osotasunean eman ez badute ere.

mobilizazioak. Mobilizazioak egin ziren herri eta auzoetan, Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko. Gasteizen 550 lagun batu ziren manifestazioan, eta amaitutakoan, ekitaldia egin zuten Gaztetxean. 100 lagun batu ziren Zamudion, 75 Urretxu-Zumarragan, eta 60 Andoainen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.