Azken ia bi urteotan petrolioaren prezioak izan duen beherakada Golkoko monarkia aberatsetan izaten ari den azken ondorioa Kuwaiten ari da ikusten. Diru sarrera txikiagoei aurre egiteko, langile publikoen soldatak jaisteko plana du Kuwaiteko Gobernuak. Plan horren aurka greba hasi zuten atzo.
Greban daudenen artean Kuwaiteko petrolio konpainia publikoko langileak daude. Kuwait Oil Companyren ohiko produkzioa eguneko hiru milioi upelena da, baina 1,1 milioira jaitsiko duela iragarri du. Ekoizpen horri eutsi ahal izango dio atzerriko langileek ez dutelako protestarekin bat egin.
Kuwait LPEEko ekoizle handienetan laugarrena da, eta 50 dolarreko upela behar du bere aurrekontuak orekatzeko, Golkoko beste auzoek baino kopuru txikiagoa. Edonola ere, petrolioaren diruarekin elikatutako Kuwaiteko inbertsio funts subiranoak nahiko aberastasun pilatua du estatuaren diru sarreren jaitsiera bati aurre egin ahal izateko.