Dozenaka lagunek Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua inguratu dituzte gaur eguerdian, bi erakunde horiei eskatzeko konpentsa ditzatela erreformak erosteko ahalmenak ekarriko duen galera. ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta Gune plataforma osatzen duten beste gizarte taldeek deitu dute protestara. Espainiako Kongresuak bihar du onartzekoa erreforma.
Gasteizen, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak salatu du erreformak pobretzea ekarriko duela, "pentsioak asko jaitsiko direlako". Erreformaren atzetik "finantza boterea eta aseguru etxe handiak" ikusten ditu Muñozek, "badakitelako jendea aseguru pribatuak kontratatzea behartzen badute haiek irabaziko dutela". Horren aurrean, foru ogasunei eskatu die orain arteko politika ekonomia errotik alda dezatela, "herritarren zerbitzura jartzeko".
Pentsio pribatuen aldeko erreforma dela esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere, baina erantzukizuna egotzi die Euskal Herriko erakundeei ere: "erreforma horrek euskal pentsionistak pobretuko baditu izango da Gasteizko Ganberak eta Eusko Jaurlaritzak baimentzen dutelako". Gutxieneko pentsioa mila eurokoa izatea galdegin gu Etxaidek.
Hauek dira erreformaren puntu nagusiak:
Berritzea
Orain arte, Espainiaren azaroko KPI adina igo izan dira pentsioak hurrengo urtean. Datorren urtetik aurrera, berriz, prezioen bilakaera ez da aintzat hartuko, eta indize berri baten arabera berrituko dira pentsioak. Honako faktore hauek hartuko dira kontuan: Gizarte Segurantzaren azken bost urteotako eta hurrengo bostetako diru sarrerak eta gastuak, pentsio kontributiboen urte arteko bilakaera, batez besteko pentsioaren zenbatekoaren bilakaera eta doikuntzaren abiadura izenekoa (kontu publikoen egoera kontuan hartzen duen faktore bat). Indize horrek ez du erosteko ahalmena bermatuko.
Mugak
Aurretik aipatutako indize horrek ekar dezake urte batean pentsioak jaitsi behar izatea. Ez da, ordea, halakorik egingo. Izan ere, goitik zein behetik muga batzuk jarriko zaizkie. Horrela, pentsioak gutxienez %0,25 igoko dira urte batetik bestera, ekonomikoki urterik okerrenetan ere. Gauzak ongi doazenean eta Gizarte Segurantzak superabit handia duenean ere, ez da sekulako igoerarik izango: gehienez, urte bateko KPI gehi %0,50 igo ahal izango dira. 2014an, hasteko, pentsioak %0,25 soilik igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak, eta itxura batean, pentsatzekoa da hurrengo hiruzpalau urteotan ere hori gertatuko dela, Gizarte Segurantzak gaur egun defizita duelako eta pentsiodunen kopurua eta haien zenbatekoa gora doalako —aurreko belaunaldiek baino gehiago kotizatu dutelako—. Horrela erosteko ahalmena galtzea ekarriko du, inflazioaren araberakoa. Hau da, urte batean prezioak %1,5 igotzen badira eta pentsioak %0,25, erosteko ahalmena %1,25 jaitsiko da.
Berrikuspena
Sistema bost urtean behin berrikusiko dute gobernuek, erosteko ahalmenaren galera oso handia ez dela ziurtatzeko. Senatuan egin du aldaketa hori PPk. Sortzear dagoen Agintaritza Fiskal Independenteak urtero aztertuko du sistema.
Iraunkortasun faktorea
2019ko urtarrilaren 1etik aurrera emango diren pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko faktore berri bat izango da, iraunkortasun faktorea izenekoa, Espainiako Gobernuaren arabera, sistema epe luzean iraunkorra izatea baitu helburu. Orain pentsioa kalkulatzeko erabiltzen diren faktoreei —erretiroaren adina, Gizarte Segurantzara kotizatutakoa, kotizatutako urteak...— 67 urtetik aurrerakoen bizi-itxaropena batuko zaio. Herritarren bizi-itxaropena handitzen bada, gutxitu egingo da urtero jaso beharreko pentsioa. Funtsean, diru kopuru berbera (balizko) urte gehiagotan banatuko da. Bost urtean behin berrikusiko da bizi-itxaropenaren bilakaera, eta lehen pentsioaren gainean soilik ezarriko da. Hau da, pentsiodun bakoitzari behin bakarrik kalkulatuko zaio zenbat diru dagokion. Orokorrean, sistema honek ere pentsioen jaitsiera ekarriko du, %5 hamar urtean behin, Enplegu Ministerioak berak onartu duenez.