GUTUNA. Arratsalde bat Mosesekin

2012ko uztailaren 2a
11:46
Entzun

2010eko martxoaren 23 arratsaldea gure ikastolan pasatu zuen Mosesek. Hizketalditxo bat egitera etorri zitzaigun gure gelako ikasle baten aitaren bitartez. Bizitzaren lezioa eman zigun. Alai, umil eta gertuko.

9 urteko 36 ikasle eta bi irakasleren aurrean, argi utzi zuen zein pertsona osoa eta zintzoa zen. Haurrei argi eta garbi adierazi zien gerra egitetik ihes egin nahi izan zuela, bere konbentzimenduz, eta gero, ibilbide luzean zehar, beste era askotako oztopoak gaindituz iritsi zela guganaino. Eguneroko oztopoak eta zailtasunak gaindituz.

Adin horretako haur batzuengan afrikar batek bere herrialdetik (Sierra Leonatik) Euskal Herrira iristeko pasatu behar izan zituen abenturak eta kalamidadeak kontatzeak, interesa ez ezik, jakin-mina ere sortzen du. Ikasle guztiek adi-adi jarraitu zuten azalpen guztia.

Zailtasunak. Nahi denean zailtasunak gainditu egiten direla erakutsi zigun. Bideko oztopo guztiak gaindituta iritsi zen guganaino. Hizkuntza (gaztelera) oraindik ez zuen menderatzen, baina erdia ingelesez eta beste erdia gazteleraz eginaz komunikatu ginen, eta gure haurrentzat hizkuntzak ikastearen balioaz jabetzeko ere garrantzizkoa izan zen.

Arratsalde hartako “ikasgaiak” ondorengo egun askotarako langaia utzi zigun: mapak, kontinenteak, nazioak, hizkuntzak, migrazioak, harremanak, etorkinak...

Moses, patxadako gizona, umoretsua eta alaia. Hemen esan ohi dugun bezala: gizon jatorra.

Arratsalde hark arrastoa utzi zigun. Isilik etorri zen eta isilik joan. Geroztik ez dugu ikusteko zoririk izan. Baina bere bihotz handi eta onak ez zuen amaiera hori behar.

Hizketaldi haren ondoren egindako lanetan desira edo itxaropen bat azaltzen zuten haurrek: bisita honek ondorioak izan ditzala gure eskolan eta gizartean.

Eskerrik asko, Moses. Besarkada bat, gure ikastolatik, Mosesen familiari.

Joxean Agirretxe (Aitor Ikastolako irakaslea)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.