Kaixo, denoi.
Zuengana zuzentzen naiz, Beghelli sari nagusia txirrindulari profesional bezala nire azkenengo lasterketa izan zela adierazteko. Bizi guztia bizikleta gainean lehiatzen pasatu eta gero, liburu honen azken orria pasatu, bide berrian hasi eta gazteei lekua uzteko unea ailegatu da.
Modu batean edo bertzean bide honetan lagun izan nauzuen guztioi eskerrak eman nahi nizkizueke. Bide bazterretik oihu egin nauzuen guztiei, nire %110a ematen laguntzeagatik. Talde eta tropelkide guztiei, elkarrekin bizi izan ditugun une bizi, gogor baina, batez ere, politengatik. Masailari, mekanikari, zuzendari guztiei; orain datorren bizi berri honetan anitz izango da zuei eskertu beharrekoa. Eskerrak era altruistan Nafarroa iparraldeko herri ttiki batean kirol zoragarri honetan hasteko aukera eman zenidaten guztioi ere.
Esker berezia, era berean, Enrique Irazoki, Jose Mari Teilletxea, Alberto Retegi eta Salvador Iantziri, nire hasierako pausoetan egindako lanagatik. Oscar Guerrero eta Rufino Murgiari, afizionatu mailako aroan nigan neronek baino gehiago sinisteagatik. Jose Miguel Etxabarri eta Eusebio Unzueri, dena galduta zegoela zirudinean aukera eman izanagatik. Pietro Algeri, Maurizio Piovanni eta Fabrizio Bontempiri, Giroko —nire begiko lasterketa— trikimailu guztiak erakustearren. Giuseppe Martinelliri, nigan zegoen onena ateratzeagatik. Fabio Bordonalliri, berriz ere errepidean jartzeagatik. Mila esker Mono, Penkas, Bruss, Baldo, Forna, Ballan, Benna, Txente, Arri, Juanma, Latis, Chaurre, Astar...
Milaka kilometro elkarrekin egin ditugu baina, batez ere, gure biziak partekatu ditugu. Pako Aiestaran, Esteban Gorostiaga, Jon Iriberri eta Ciro Tobarri eskerrak, nire kirol bizi guztian zehar nirekin egoteagatik. Zuoi kazetarioi ere mila esker, lortu dudanak, handia edo ttikia izan, oihartzuna izateagatik. Eta, jakina, esker mila bihotzez nire familia eta hurbil-hurbileko lagunei; zuek gabe ez nukeen sekula gutun hau idatziko.
Etorkizunean txirrindularitzari lotua segituko dut, bere alor teknikoan bizikleta marka bati lotua. Proiektu berri horri esker azken pauso hau ez da hain mingarria izaten ari, naturalagoa da.
Bertze behin mila esker denoi, eta barkatu nire kirol ibilbidean zehar noizbait huts egin, samindu edo, bertzerik gabe, beharrezkoa den edukazio guztia izan ez badut.
Adeitasunez,
Patxi Vila Errandonea