Igor Angulo eta Roberto Sainzen heriotza salatzeko hainbat kale eraso egin dituzte bart gauean. Bizkaian, aseguruetxe baten egoitzari eraso diote Barakaldon eta Bake Epaitegiari Markinan. Gipuzkoan, Bergarako Epaitegiari eta Errenteriako alkatearen etxeari. Nafarroan, Iruñea-Gasteiz autobidea Bakaiku parean, eta trenbidea Etxarri-Aranatz eta Uharte artean eten dituzte suzko barrikadekin; era berean, Tafallako UGTren egoitzari eraso diote .
Istilutsuak izan dira azken orduak Euskal Herriko leku askotan. Batetik, atzo iluntzean Ertzaintzak indarrez eragotzi zituen zenbaiat tokitan Anguloren eta Sainzen heriotzengatik protestatzeko ekitaldiak. Bestetik, hainbat kale eraso izan dira bart.
Bizkaian, Markinako Bake Epaitegiari eta Barakaldoko Mapfe aseguruetxearen egoitzari eraso diete. Markinan 02:25 aldera izan da erasoa: likido sugarriarekin busti dute epaitegiko atea, eta gero su eman diote. Atea hondatu du suak, eta epaitegiaren barne aldea belztu du keak. Barakaldon, berriz, molotov koktel bat jaurti dute Mapfreren egoitzaren aurka, eta, ondorioz,bulegoko leihoak, sabaia eta altzariak hondatu dituzte.
Gipuzkoan, Epaitegiaren aurka harriak bota dituzte Bergaran, baina ez dute ia kalterik eragin. Errenterian, berriz,Juan Caros Merino alkatearen (PSE) etxearen aurka margoz betetako botilak jaurti dituzte, eta, ondorioz, fatxada zikinduta geratu da.
Nafarroan, Sakanako bailaran, suzko barrikadak ezarri dituzte, autobidean zein trenbide sarean. Hala, Iruñea-Gasteiz autobidean trafikoa eten behar izan dute bart tarte batez, Bakaiku parean suzko barrikada handia zegoelako. Etxarri-Aranatz eta Uharte-Arakil artean, berriz, trenbide sarea egon da arrazoi beragatik moztuta, 00:10etik 00:55era bitartean. Horrez gain, Tafallan UGTren egoitzari eraso diote goizaldean: ateko kristalak hautsi dituzte, eta hiltzaileak margotu dute fatxadan.
Hainbat kale eraso izan dira bart
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu