Hamar urte gehiagorako gaitza

2013ko urriaren 4a
19:30
Entzun

Etengabe gorantz doan zerrenda da, eta bide horretan jarraituko du datozen hamar urteetan, bederen. Urte honetan amiantoaren ondorioz hil den hamargarren kasua ezagutarazi da aste honetan, Rafael Fernandez Gallego 68 urteko langilearena. Pleurako mesotelioma bat zeukan Bizkaiko Labe Garaietan urte luzez amiantoa erabili izanaren ondorioz. Javier Marques Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak Gipuzkoan duen bulegoko arduraduna da: «Albiste latz hauek tantaz tanta iristen zaizkigu, eta aldiro kolpe latz bat jasotzen dugu. Kontu serioa da: munduan hilkortasun handiena eragiten duen zerbaiti buruz ari gara hitz egiten». Azken biktima honekin, 116 hildako zenbatu ditu elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2008tik gaurdaino. 2025. urtea iristerako, 8.000ra irits daiteke zenbaketa hori. «Aurreikuspen lazgarria da».


Amiantoak iraganean izan zuen erabilera itzelaren ondorio da Asviamiek esku artean dituen datu horiek. Erabilera anitzeko materiala da, baina batez ere etxeak eta lantegiak isolatzeko erabili da. Osasunerako, ordea, ondorio «oso kaltegarriak» eragiten ditu. Amiantoarekin lan egin eta 20 urte baino gehiago pasa daiteke asbestosia eta minbizi kasuak agertu arte. Elkartearen aurreikuspenen arabera, azken 30 urteetan 25.000 langilek erabili zuen amiantoa bere lantokian, eta hirutik bat hil egingo da hurrengo hamarkadara bitartean. «Hortik aurrera biktimen kopuruak behera egiten hasiko dela espero dugu».


Azken hamarkadetan amiantoarekin lan egin duten langileen zenbaketa horrek zerikusi gutxi du Osalanek egindakoarekin. Gaixotzeko arriskuan 5.700 langile inguru daudela zenbatu du. «Alde horretatik oraindik datu batzuk ezkutatzen direla uste dugu», Marquesen arabera. Eta adibidea ere jarri du: «Gasteizko Michelin enpresan amiantoa erabili izan zuten langile kopuruaren zerrenda egiteko eskatu diote, eta 3.000 inguru izan daitezkeela adierazi du enpresak. Horrek erakusten du oraindik datu asko daudela emateke». Baina kopurua bata edo bestea izan, «amiantoarekin harreman gehiagorik ez izatea da jorratu beharreko ildoa».


2001. urtean, amiantoaren erabilera debekatu zen, baina oraindik amiantoa «leku guztietan» dagoela gogorarazi du Marquesek. Joan den urtean Osalanek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ikerketa egin, eta datu adierazgarria plazaratu zuen horren inguruan: etxebizitza eta eraikin publikoetan 260.000 tona amianto daude oraindik. «Bere horretan utziz gero, ez da ezer gertatzen, baina jakin behar da hor dagoela». Bestela, amianto hautsa arnasteko arriskua dagoela ohartarazi du. «Gaur egun oraindik amiantoarekin harremana izan duten kasuak iristen zaizkigu elkartera».

Azkenekoa, orain gutxi. Iturgin bat etxebizitza bateko komunean lanean ari zela hoditerian zegoen fibrozementuzko isolatzailea moztu zuen. «Amianto hautsa etxe guztira zabaldu zen, eta orain oso arduratuta daude jabeak». Horregatik, oraindik kontzientziazio kanpaina handi bat egin behar dela uste du Marquesek. «Ez soilik langileen artean, baita herritarren artean ere».


Konpentsazio funtsa


Ez da hori, ordea, Asviamiek duen aldarrikapen nagusia. Amiantoaren ondorioz gaixotu diren langileentzako konpentsazio funts bat eskatzen du elkarteak. «Eskaera horrekin, gaixoek bizi-kalitate ona izatea eta familiei ahalik eta gehien laguntzea lortu nahiko genuke», dio. Izan ere, gaitza agertu eta urtebetean edo bi urtean gaixoak askotan hil egiten dira. «Bizi diren bitartean ahalik eta duinen egotea nahi dugu». Eta jendeak duen ezjakintasuna nabarmendu du. «Arnasa hartzeko arazoak izaten dituzte, eta ezin dute bizimodu normala egin». Alde horretatik, erantzukizuna onartzeko eskatzen die mutualitateei, «ordaintzea baitagokie». Baita enpresei ere. Izan ere, Europan amiantoa erabiltzea debekatu zuten, eta Hego Euskal Herrian, berriz, oraindik erabiltzen zen. «Ordurako, enpresek bazekiten osasunari kalte egiten ziola», dio. Are gehiago, Marquesen ustez, aspalditik da ezaguna amiantoak biriketako arazoak sortzen dituela. «Pentsa, greziarren garaian ere bazekiten amiantoa erabiltzen zuten langileek ondoren osasun arazoak izaten zituztela».


Kontuak kontu, funts hori eratzea oraindik «kostako den» kontua izango dela uste du Marquesek. Aurreko legegintzaldian Eusko Legebiltzarrak lantalde bat osatu zuen aukera hori aztertzeko, baina ezin izan zuten lan hori amaitu. Otsailean berriz osatu zuten lantaldea, eta funtsaren sorrerari berriz heldu diote. «Espero dugun bakarra da gure aldarrikapenak aintzat hartu eta biktimei dagokien duintasuna eman diezaiotela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.