'Haserreraren eguna' gaur, Libian

2011ko otsailaren 17a
09:47
Entzun
Libian Haserrearen eguna deitu dute gaur, Muamar Gadafiren erregimenaren aurka. Sare sozialak erabili ditu oposizioak deialdia zabaltzeko, eta horietan esandakoaren arabera, Tripoli hiriburuko leku batean gotortzeko asmoa dute, Egiptoko adibidea jarraituz, Gadafik dimisioa eman arte. Facebooken 9.000 lagun direla esan dute. Deialdi horri erantzunez, Gobernuak sare sozialak moztu zituen astelehenetik asteazkenera arte, baina atzo gauean berriro zeuden erabilgai. Al Jazeera telebistari kable bidezko seinalea kendu diote, baina satelite bidez iristen da Libiako etxeetara. Libya-watanona.com webgunea ere erabiltzen ari da oposizioa, herritarrei kalera ateratzeko eskatzeko. "Gure herrialde maiteko plaza guztietatik, hiri bat eta plaza bat bagina bezala elkartu behar dugu, erregimena beldur izan dadin eta ihes egin dezaten; oilobustiak direlako", irakur liteke mezuetako batean. Erreformaren aldeko mugimenduak 213 pertsona ezagunen babesa jaso du, horien artean, politikariak, abokatuak, ikasleak eta funtzionarioak. Giza Eskubideen aldeko taldeek ohartarazi dute Gobernua Haserrearen eguna eragozten saiatuko duela, eta Amnesty Internationalek agintariei eskatu die manifestazioak ez zapaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.