HAUTAGAIEN HITZALDIAK.

2007ko uztailaren 26a
18:27
Entzun
Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiek egin dituzte euren hitzaldiak. Aitor Bezares EAE-ANVren kidea izan da aurrena hitz egiten. Hauek dira haien goizeko hitzaldiak.

Aitor Bezares (EAE-ANV)

"Ezker abertzalea Batzar Nagusietara itzuli da eta hori aldaketaren aldekoa izango da. Gizartearen zati handiek nahi dute aldaketa gauzatzea Araban, eta aldaketa hori Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoarekin lotuta dago. Ezker abertzaleak badu proposamena: Hego Euskal Herriko lau herrialdeen autonomia, erabaki eskubidearekin. Elkarrizketa, eztabaida politikoa eta herri honentzat konponbideak bilatzeko gune egokia izan daitezke Arabako Batzar Nagusiak. Jakin nahiko genuke PPk, PSE-EEk eta EAJk horren alde egiten duten edo bidea ixten dioten. Itxitasuna adierazten badute, gu sendo agertuko gara. Azkeneko zortzi astean, behintzat, poltronaren munduan itxita pasatu dituzte haiek".

Xabier Agirre (EAJ)

"Nire hautagaitza da, oraingoz, babesik handiena duena -18 boto; EAJ, EA, EB eta Aralarrenak- eta, beraz, ulermenerako gaitasunik handiena daukana da. Ondorioz, Foru Aldundiko ardura hartzeko zilegitasuna daukagu. Gainera, Aldundiak ezin du orain arteko ereduarekin segitu, agortutakoa delako. EAJ, EA, EB eta Aralarrek proiektu bat dugu, abertzalea baino lehenago demokratikoa, eta alternatiba honek ez du inor bazterrean uztean; ez da frontea. Erakundeen egonkortasuna lortu nahi dugu. Horretarako, negoziazio iraunkorra mantenduko dugu beste alderdiekin. Gatazkari irtenbidea ere bilatu behar diogu alderdiok, bakea behar eta merezi dugulako. ETAk ezker abertzalearen etorkizuneko politika sinesgarritasunik gabe utzi du".

Txarli Prieto (PSE-EE)

"Gu PPrekin azkeneko urteetan eskuzabalak izan gara eta PPri orain jarrera hori itzultzea eskatzen diogu, guri tokatzen zaigulako lekukoa hartzea. Bozketan fruitua jasotzea espero dugu. Gure garaia da. Hala ere, EBrekin eta Aralarrekin ere ados jartzen saiatu gara. Maiatzaren 27ko foru hauteskundeek inori ez zioten eman gehiengo osorik eta, beraz, lehen tokira iristeko beste batzuekin bat egin beharra dago. Gure programa indartsua da, eta babes nahikoa daukan lidergo politikoa behar du. Horretarako, azterketa apokaliptikoek dagoeneko ez dute balio eta, lubakiak bukatzeko, bide ezkertiarra eta aurrerakoia besterik ez dago. Ahaldun nagusia banaiz, lehendabiziko eskaera ETAren bukaera exijitzea izango da, biktima denekiko elkartasuna adieraziko dut, baita indarkeria mota denen bazterketa ere".

Javier de Andres (PP)

"Ramon Rabanera [PP] azkeneko zortzi urteen ahaldun nagusi karguan eredua izan da, eta gure asmoa bide horretan segitzea da. Gainera, PP agintean egon dela-eta, Arabak Euskadin pluraltasuna dagoela erakutsi ahal izan du eta hori oso garrantzitsua izan da. Gauza bera defenditzen segituko genuke. Hala ere, legealdi berrian komunikazio irekiak egon beharko luke alderdion artean, desadostasunek elkarrizketari eragin gabe. EAE-ANVkoak ere baditugu legealdi honetan Batzar Nagusietan, baina eserleku horietan eseritzen direnek ETAren krimenak ez dituzte salatzen; ez dakit koldarkeriagatik den edo ETAri laguntzen diotelako. Hitzaren balioan sinesten dugunok, elkar ulertzeko ahalegina egin beharko genuke".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.