Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lana eta Gizarte Segurantzako sailburu Joseba Azkarragak gaur ohartarazi du Espainiako Gobernuak eta epaileek ezker abertzalearen hautagaitzak legez kanporatzeko duten asmoa "akats politiko handia" eta "abusu demokratikoa" direla. Haren hitzetan, ezin zaio ezker abertzaleari "politika egiteko exijitu" eta "gero hura legez kanporatzen saiatu". "Ikuspuntu demokratikotik gehiegikeria da, eta ikuspuntu politikotik akats handia".
Hitz horiekin egin dio erreferentzia, gaur eguerdian Bilbon, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen erabakiari, hots, etzirako D3M plataformako eta Askatasuna alderdiko 13 kide Madrilera deklaratzera deitzeari. Kide horiek "erakunde terroristako kide" izateaz akusatuta inputatu gisa deklaratu beharko dute.
Azkarragak gogor kritikatu du Garzon aurreratu nahi izana Auzitegi Gorenak esan dezakeenari, "berriz ere jarrera mediatikoan". "Garzon beti arazoen erdigunean, ez ordea aterabideen erdigunean, egoteko duen interesaz gain, kezkatzen nauena zera da, berriro ere herri honetako indar politiko baten zati baten presentzia eragotzen saiatuko dela, baita hautesleen zati garrantzitsu bati nahi duen aukera politikoari bozkatzeko posibilitatea ere".
Horregatik, ohartarazi du Justizia sailburuak, "gure herriko soziologia politikoa ordezkatuko ez duen legebiltzarra osatzekotan gara".
Hautagaitzak legez kanporatzea "akats politiko handia" eta "abusu demokratikoa" direla dio Azkarragak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu