IMANOL MURUA URIA
Donostia
Udal eta foru hauteskundeetarako B plana aurkeztu du ezker abertzaleak, Estatuko Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak ASB legez kanpo uzteko eskaera egin orduko, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiari itxoin gabe, baina ASB legez kanporatu egingo dutelakoan: hauteskunde elkarteen bidez aurkezteko ahalegina egingo du ezker abertzaleak, eta, horretarako, sinadura biltzen hasiko da, gaurtik. Abertzaleak eta Sozialistak izena hartuko dute hautagaitzek, aurretik herrialdearen edo herriaren izena jarrita. Berrehundik gora zerrenda aurkezteko asmoa dute.
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak atzo goizean aurkeztu zituzten ASBren aurkako ekimenak, eta ezker abertzaleko ordezkaritzak arratsaldean egin zuen agerraldia, Arnaldo Otegiren eta Pernando Barenaren ahotik sinadura bilketaren berri emateko. ASBren apustuari eutsi egiten diotela argitu zuen Barrenak eta, hain zuzen, «ASBren helburu berberekin» aurkeztuko dituztela hauteskunde elkarteak. «Prozesu demokratikoa» bideragarria izan dadin «hauteskunde demokratikoak» egitea ezinbestekoa dela azaldu zuen, eta «hauteskunde demokratikoak» egin ahal izateko, aukera berdintasuna behar dela. «Txanpon bereko bi aldeak dira prozesua bultzatzea eta hauteskunde demokratikoak bultzatzea».
ASB legez kanpo uzteko eskatzea oso larria dela esan zuen -«erabateko larritasuna duen egoera politikoan kokatzen gaitu»-, baina salaketa egitera ez direla mugatuko gaineratu zuen: «Zenbat eta eraso gehiago, orduan eta ekimen gehiago».
Hauteskunde elkarteak lehiatu ahal izateko eta «prozesua bideragarria izateko» milaka sinadura beharko direla ohartarazi zuen Barrena, eta euskal herritar guztiei eskatu zien sinadura emateko.
GAURTIK. Sinadurak biltzeko epea, hauteskunde egutegiaren arabera, gaur hasiko da, eta apirilaren 22an bukatu. Baina aurrena, hautagaitza bakoitzak izena eman behar du hauteskunde batzordean, eta ondoren hasi ahal izango dira sostenguak biltzen. Guztira 30.000 sinadura inguru beharko dituztela uste dute.
Behin sinadurak bilduta, Alderdien Legearen galbahea pasa beharko dute hautesle elkarteek, inork inpugnatzen baditu. Hauteskunde batzordeek hautagaitzak eta sinadurak onartu ondoren, zerrendak inpugnatzeko epea zabalduko da. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak ez ezik, hautagaitza guztiek dute zerrenden aurkako helegiteak jartzeko aukera. Inpugnazioek Alderdien Legearekin zerikusia badute, Auzitegi Goreneko 61eko Salak erabakiko du, legez kanporatze prozeduretan bezala.
Duela lau urte, AuBren eta ezker abertzaleko beste plataformen artean 241 hautagaitza baliogabetu zituen Auzitegi Gorenak, eta haietako 225en baliogabetzea berretsi zuen Auzitegi Konstituzionalak.
«Prozesu demokratikoa bideragarria izateko, den bezalakoa onartu behar dute ezker abertzalea»
ARNALDO OTEGI
BATASUNEKO MAHAIKIDEA
«Txanpon beraren bi aldeak dira prozesua bultzatzea eta hauteskunde demokratikoak bultzatzea»
PERNANDO BARRENA
BATASUNeKO MAHAIKIDEA
sinadurak
Non, noiz, nola
Noiz. Epea gaur hasi da, eta hilaren 22an bukatuko da. Baina sinadurak biltzen hasi aurretik hautesle elkarteak izena eman behar du Hauteskunde Batzordean.
Non. Udaletxean edo notaritzan eman behar da sinadura.
Elkarte bakarrari. Hautesle elkarte bakarraren aldeko sinadura eman daiteke, hauteskunde eremu bakoitzean. Hau da, udal hauteskundeetan elkarte bakarra sostengatu daiteke, eta foru hauteskundeetan beste bat.
Baldintzak. Adinez nagusia izatea, hautesle elkartea aurkezten den herrian erroldatua egotea eta nortasun agiria edo pasaportea erakustea.
Zenbat
Biztanleriaren araberako sinadura kopuruak bildu behar dituzte hautesle elkarteek herrietan.
5.000tik behera biztanle. Erroldatuen %1en sinadurak, gutxienez. Betiere, aukeratu beharreko zinegotzi kopuruaren bikoitza, gutxienez.
5.001-10.000. 100 sinaduratik gora.
10.001-50.000. 500 sinaduratik gora.
50.001-150.000. 1.500 sinadura, gutxienez.
50.001-300.000. 3.000 sinadura, gutxienez.
300.001etik gora. 5.000 sinadura, gutxienez.
Nafarroako Parlamentua. Herrialdeko erroldatuen %1, gutxienez.
Batzar Nagusiak. Eskualde bakoitzean erroldatuen %1, gutxienez.
Arnaldo Otegi: «Edo prozesua nahi dute, edo prozesurik ez dute nahi»
I. M. U.
Donostia
Ezker abertzaleko hautagaitzen ingurukoa eztabaida juridikoa ez dela adierazi zuen Arnaldo Otegik, politikoa baizik. «Kontua ez da izen bat, letra bat edo zuzendaritza bat nola deitzen den», azaldu zuen. «Eztabaida politikoa da: edo prozesu demokratikoa nahi dute, edo ez dute nahi». Otegiren hitzetan, «arazoa ez da hauteskundeetara nor doan eta nor ez doan, baizik eta prozesu demokratikoa martxan jartzeko aukerarik badagoen».
Konponbide prozesua nahi duenak solaskide guztiak errespetatu behar dituela argudiatu zuen Otegik. «Errespetatu behar ditu diren bezala. Guk ez dugu nahi PSOE indenpendentista, ezta EAJ independentista ere. Onartzen ditugu diren bezala. Eskaera bakarra da ezker abertzalea ere den bezalakoa onartu behar dutela». Prozesua bideragarria izateko «ezker abertzalea den bezalakoa onartzea» ezinbestekoa dela gehitu zuen.
Eragile politikoak «bi bloketan» banatu zituen Otegik, atzo Donostian emandako prentsaurrekoan: batetik, «ezker abertzalearen blokea, prozesua nahi duena, etengabe urratsak egiten eta konpromisoak agertzen ari dena», eta bestetik, «beste guztiak, ia guztiak, etengabe baldintza berriak eta oztopoak jartzen ari direnak», «Ian Paisley bezala».
KONPONBIDERAKO AUKERA. Ezker abertzaleak pausoak ematen jarraitzen duela adierazteko, ASBren aurkezpenarekin Alderdien Legea «onartu eta bete» egin duela gogorarazi zuen Otegik. Beste blokean daudenek, aldiz, «jokaleku demokratikoari beldur izugarria» diotela esan zuen: «Edo beren proiektua ahula delako, edo ez dutelako proiekturik, edo herritarren aurrean ezin dutelako esan zer proiektu daukaten». Otegiren hitzetan, aldiz, «ezker abertzaleak ez dio inongo beldurrik jokaleku demokratikoari, ez dio inongo beldurrik lehiatze demokratikoari».
Konponbiderako aukerak mahai gainean jarraitzen duela berretsi zuen Otegik, baina beste eragileen jarrerei buruzko kezka «gero eta handiagoa» dela azpimarratu zuen.
Hauteskunde elkarteen bidez aurkezteko ahalegina egingo du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu