Pozik agertu dira Herri Irratiaren lehengo jabeak (Jesusen Lagundia) eta oraingoak (Noticias taldea) egindako hitzarmenarekin. Batzuek zein besteak, beren helburuak beteta ikusten dituzte gaur ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Noticias taldearen iduriko, beren irrati proiektuari "bultzada erabakigarria" emango diote Herri Irratiaren jabe eginda, "erreferentziazko irratia baita Gipuzkoan". Jesulagunek, berriz, bermatuta ikusten dute irratiaren jardunaren jarraipena, eta salmentarekin horixe lortu nahi zutela azpimarratu dute.
Atzo sinatu zuten akordioa jesuitek eta jabe berriek. Eta arratsaldean Herri Irratiko langileekin egin zuten bilera, operazioaren berri emateko.
Hasiera batean, Onda Vasca eta Herri Irratia bi emisora independente izango dira. Onda Vasca generalistagoa izango da, eta Herri Irratiak probintziako gaiak jorratuko ditu (Gipuzkoa eta Arabakoak). Loiola eta Azpeitia inguruko deskonexioa desagertu egingo da.
Noticias taldeak joan den udazkenean jarri zuen martxan Onda Vasca irratia, Bilbon. Eta operazio honekin Gipuzkoako uhinetan zabaltzeko aurrerapauso garrantzitsua eman du. Estibaliz Ortiz Radio Euskadiko zuzendari ohia da Onda Vascako zuzendaria, eta Xabier Lapitz da horko esatari nagusia —goizero Euskadi hoy saioa gidatzen du—. Radio Euskadin hainbat urtez aritu zen Lapitz, EITBko zuzendaritza berriak kendu zuen arte.
Orain arte prentsa idatzian izan du Noticias taldeak presentzia nabarmenena. Nafarroan Noticias de Navarra egunkaria argitaratzen du, Gipuzkoan Noticias de Gipuzkoa, Araban Noticias de Alava eta Bizkaian Deia. Iñigo Camino da Deia-ko zuzendaria; hain zuzen ere, EITBren aurreko zuzendaritzarekin Radio Euskadiko zuzendaria izan zen Camino. Telebistan, lehen Localiakoak ziren tokiko hainbat kate talde berean daude, eta Hamaika Telebistako bazkidea da halaber.
Hilabeteetako prozesua
Aspaldiko urteetan zebiltzan Herri Irratian bideragarritasun ekonomikoaren inguruko hausnarketa egiten, eta Jesusen Lagundiak iaz hartu zuen irratia saltzeko erabakia. Hainbat proposamen izan dituzte azkeneko hilabeteetan mahai gainean, eta uste baino luzeago jo du saltzeko prozesuak. Ikusteke dago orain irratiko langileekin zer gertatuko den.
Herri Irratiaren jabe eginda, bere irrati proiektuari "bultzada erabakigarria" eman nahi dio Noticias taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu