Goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean Maider Caminos eta Fran Balda Herrira mugimenduko bozeramaileek adierazpenak egin dituzte. Foru Gobernuari esan diote ezin duela ez ikusiarena egin preso politikoen giza eskubideen urraketen aurrean. "Uste dugu beharrezkoa dela gobernuek herritarren ahotsa aditzea eta bide horretan laguntzea", adierazi dute.
Preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen-neurriek zauritu egiten dutela esan dute Herrira-ko kideek, sufrimendua sortzen, eta noiznahi ezbeharrenbat bat ere eragin dezaketela. "Horregatik, neurri horiek bertan behera uztea lehentasunezkoa da, eta Nafarroako Gobernuak dagokion erantzukizuna hartu behar du bere gain", adierazi dute. Joan den abenduaren 17an, Nafarroako Parlamentuak deklarazio instituzionala onetsi zuela gogorarazi dute, eta, bertan, preso nafarren eskubideak errespetatzeko eskaera egiten zitzaiola Espainiako Gobernuari.
Horrez gain, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio preso nafarraren kasua aztertuko du martxoaren 20an. "Erabakiak berebiziko garrantzia duelakoan, gure helburua, indar guztiak batuta, urtarrilaren 12an gizarteak emandako mandatua Europara eramatea da: giza eskubideak, irtenbidea, bakea".