"Herrira-ren gisa" erantzutera deitu dute Donostian

2013ko urriaren 2a
13:06
Entzun

Ostiralean Irekialdiak egingo dituzte herriz herri, era askotako ekitaldiak, "tantaz tanta, euskal preso eta iheslarien alde plazak betetzeko". Herri mugimenduetako eta kirol eta kultura arloko herritar ugari izan da Herrira mugimenduaren aldeko agerraldian.

Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak eta Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko musikariak hartu dute hitza, eta esan dute "harro" daudela Herrira-ko kideekin partekatu duten guztiaz: "Konpromisoa, jarrera irekia, eta batez ere, euskal presoen eta iheslarien alde erakutsitako grina eta ilusioa ezagutu ditugu". Hizlarien esanetan, Euskal Herrian oraindik oinarrizko eskubide zibil eta politikorik ez dela bermatzen erakutsi du operazioak, eta hemezortzi lagunak atxilotuta, euskal preso eta iheslariekiko elkartasuna "kriminalizatu" nahi izan dela ziurtatu dute.

Agerraldian izan dira, besteak beste, Juanba Berasategi, berriki Donostiako Zinemaldiko Zinemira saria jaso duena, Eider Rodriguez idazlea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Ines Osinaga eta Andoni Tolosa musikariak, Mikel Astarloza txirrindularia, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Andoni Gartzia Astigarragakoa, Ainhoa Zabalo Lezokoa, eta Mikel Izagirre Urnietako alkate ohia.

"Tantaz tana, herri mugimenduaren indarrez"

"Guk, euskal herritarrok jarraituko dugu Herrira-k egiten zuena egiten", esan dute, eta iragarri dute ekintza ugari egingo dituztela ostiralean herri eta auzoetako plazetan. "Herrira-ren gisara jokatuz, tantaz tanta, herri mugimenduaren indarrez, herri eta hiri bakoitzeko plaza euskal preso eta iheslarien aldeko itsaso bihurtu arte". Horrela, larunbatean Bilbon deitua den manifestaziora joateko ere eskatu diete herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.