EAJ, EA eta EB-IU alderdien bozeramaileek eta Aralarrek "poza agertu" dute Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako polizia operazioan atxilotutako zortzi lagunak –atzo azken orduan Enekoitz Etxeberria abokaua atxilotu zuten– aske geratu direlako, baina "atxilotuen errugabetasun presuntzioa urratu" dela salatu dute. Iñaki Ortega PPko legebiltzarkidearen ustez, berriz, "atxilotuak aske geratzeak ez du esan nahi errugabeak ez direnik". PSE-EEko Rodolfo Aresek justiziaren erabakiak errespetatu egin behar direla azpimarratu du ohar baten bidez.
Eusko Legebiltzarreko pasiloetan mintzatu da Joseba Egibar Juan del Olmo epailearen erabakiaz, eta "atxilotuak kalean uztea berri ona" dela nabarmendu du, eta operazioa bera "zentzugabekeria" dela iritzi dio. "Del Olmok uste bazuen guztiek deklaratzera joan behar zutela, behar bezala egin behar zituen gauzak, baina epaileak, antza, nahikoa botererik ez duenez, Guardia Zibilaren eskutatik pasatu behar dute lehenik", adierazi du. Halaber, zenbait komunikabidek "atxilotuak kriminalizatu" egin dituztela salatu du. "Zenbait bozeramailek zortzi lagunen izenak kriminalizatu dituzte, ez dute errugabetasun presuntzioa errespetatu, eta orain, egindako kalte hori nola konpontzen da?", galdetu du.
Rafa Larreina Eusko Alkartasuneko bozeramailea ere ildo beretik hitz egin du, eta "ardura politikorako" deia egin die alderdi politikoei, eta bereziki Aznarren gobernuari. "Demokratak izan nahi badute errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dute, herritarren askatasun eskubideak eta ohorearen eskubideak errespetatuz", esan du Larreinak. EAko antolakuntza idazkariaren esanetan, errugabetasun presuntzioa oinarrizkoa da demokrazian, eta atxilotuei eskubide horiek urratu egin zaizkiela salatu du, "indarkeriarekin lotura duten delituak egotzi baitizkiete".
EB-IUko Antton Karrerak, berriz, atxilotuak aske uztea gauza argi bat esan nahi du: "Operazio mediatikoa izan da euskarari eta euskal kulturari eraso egiteko". Horrez gain, PPk izan zuten eta izaten duen jarrrera gogor gaitzetsi du.
Aralar: "Izaera politiko judiziala izan du operazioak"
Aralar ere pozik agertu da atxilotuak aske gelditu direlako, baina Del Olmo epaileak zuzendatuko operazioak "izaera politiko judiziala" duela nabarmendu du ohar baten bidez, eta Aznarren gobernuari eskatu dio euskararen aurka eraso gehiago ez egiteko. "Ulergaitza da ustezko delitu fiskalak aztertzeko salbuespeneko neurri antiterroristak hartzea", azpimarratu du Aralarrek. Patxi Zabaleta buru duen alderdiak dioenez, Del Olmo epailearen operazioak argi uzten du operazio horren helburua euskararen eta euskalgintzaren aurkakoa dela.
PP: "Atxilotuak aske geratzeak ez du esan nahi errugabeak ez direnik"
EAEko PPren legebiltzarkide Iñaki Ortegak adierazi duenez, "atxilotuak aske geratzeak ez du esan nahi errugabeak ez direnik". Ortegak bere alderdikide Carmelo Barriok esandako ekarri du gogora. Barriok operazioa "hiltzailea eta terroristen" aurkakoa zela esan zuen, "euskararen atzean delituak ezkutatzen baitituzte".
Bestalde, PSE-EEko Rodolfo Aresek epaileen erabakiei errespetua zor zaiela esan du, eta operazio hauek politikoki erabiltzen duten alderdiei horrelakorik ez egiteko eskatu die, "euskal egoera politikoari su gehiago ez emateko". "Hori da euskal politikoek egin behar luketena, eta ez justiziaren erabakiak kritikatu".
Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako operazioa
Hirukoak eta Aralarrek poza agertu dute atxilotuak aske geratu direlako, baina "errugabetasun presuntzioa urratu" dela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu