HITZALDIAK. EHAK-k "marko demokratikoa" behar dela aldarrikatu du, "ez proposamen zatikatzailea"

2008ko ekainaren 27a
13:15
Entzun
EHAK-k gaur berretsi du ez duela herri galdeketarako lege proposamena onartzea galaraziko gaur Eusko Legebiltzarreko bozketan, kontsultari "bide" emateko. Galdeketa "galarazi", Espainiako Konstituzioak galaraziko duela esan du Nekane Erauskin legebiltzarkideak, eta "EAJk hori onartu" egingo duela. Euskal Herriak, "alternatiba bakar" gisa, "marko demokratikoa" behar duela iritzi dio EHAK-k, "Hego Euskal Herrirako eta Ipar Euskal Herrirako erabaki eskubidea jasotzen dituen autonomiak", bakea eta normalizazio politikoa lortzeko.

EAJ kritikatu du Erauskinek, "berriz ere bere hautu estrategikoan kanpo utzi duelako Nafarroa eta proposamen honek Euskal Herriko lurraldetasuna zatitu egiten duelako". Azkeneko 30 urteetan jeltzaleak "Espainiako kudeatzaileak" izan direla salatu du. "Negozioaren alderdia zarete". Horretaz gain, EAJk Loiolako elkarrizketetan "erabaki eskubideari ezetz" esan ziola txarretsi du.

PSE-EEk eta EAJk "enfrentamendu faltsua" dutela iritzi dio EHAK-k, "biek ikusmiran EAEko hauteskundeak dituztelako eta biek estatutuaren erreforma hutsa egin nahi dutelako. Beste iruzur bat izango da hori, baina baina euskal jendarteak nekez onartuko luke 30 urte beranduago halako beste bat".

2004an Sozialista Abertzaleak taldeak Ibarretxe Plana-ren alde egin zuenean -botoen erdiak emanda-, Jaurlaritzako lehendakariak gero Espainiako Kongresuan ezezkoa jaso ondoren "EAJk plana behin betiko kaxoian sartu" zuela gogoratu du Erauskinek, eta oraingoan ere hori gerta daitekeela.

Azkeneko hilabeteetan ezker abertzaleak jasandako "errepresioa" salatu du, halaber: presoak ugaritzea, "sakabanaketak eragindako hilketak", alderdi politikoen baliogabetzeak eta legez kanporatzeak, alkate bat espetxera eta beste batzuen zitazio judizialak, Parot dotrina, atxiloketak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.