HITZALDIAK. Galdeketa debekatzea "demokraziaren kontrakoa" litzatekeela diote EAJk, EA, EBk eta Aralarrek

2008ko ekainaren 27a
13:15
Entzun
Eusko Legebiltzarreko gaurko saioa laburtutako prozeduraz iritsi denez, 30 minutu partekatu behar izan dituzte beren artean herri galdeketarako lege egitasmoaren aldekoek beren iritzia emateko; hots, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek. Bakoitzako bere ñabardunak ezarri baditu ere, galdeketak erabateko zilegitasuna duela eta debekatzea demokraziaren kontrakoa litatekeela nabarmendu dute guztiek.

Joseba Egibar (EAJ): "Subjektu politiko berri bat eratzen duelako debekatu nahi dute"

Bi ardatz izan ditu Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen hitzaldiak: bat, PSOEri eta PPri zuzendua, eta bestea EHAKri. PSOEri eta PPri behin eta berriz galdetu die zergatik dauden herri galdeketaren kontra eta zergatik oztopatuko duten. Egibarren iduriko, bi alderdi horiek argi dute Jaurlaritzak proposatutako galdeketa loteslea ez izarren arren beste urrats sakonago batzuetarako bidea dela, eta, batik bat, subjektu politiko berri bat eratzen duela, eta horregatik galarazi nahi dute.

Hala ere, Egibarren ohartarazi die subjektu politiko horren aitorpenaren inguruan dagoela gatazkaren muina eta hortik etorriko dela behin betiko konponbidea. Gainera, PSOEri leporatu dio ETArekin izandako elkarrizketetan -Loiolan ez ezik, baita iazko maiatzean hauteskunde atarian izandakoetan ere- orain galdeketan jasotzen direnak onartzea, eta, aldiz, Jaurlaritzak eta lehendakariak eskatuta atzera botatzea. Areago, Jaurlaritzak PSOEri egin dizkion proposamenetan PSOEk aurrez ETAri onartutakoak jaso direla berariaz ziurtatu du egibarrek.

EHAKri, berriz, EAJri iruzur nahia leporatzeak ez duela zentzurik erantzun dio, eta herritarrei hitza ematea lortzeko bide luzea egiteko prest daudela agertu du. "Lortzen ez badugu ez da izango kemen faltagatik", ziurtatu du.

Unai Ziarreta (EA): "Trantsizio amaitu gabea amaitzen hasteko tresna da"

Egungo blokeo egoeratik irtetzeko bide bakarra herri galdeketa dela esanez hasi du hitzaldia Ziarretak. "Blokeo eta beto egoera infinituan gaude. Irtenbide bakarra herritarrei hitza ematea da, eta haiek erabakitzea politikariek zein bide hartu behar dugun". Ildo horretatik, trantsizioa amaitu gabe dagoela azpimarratu du Ziarretak, eta hori dela gatazkaren gakoetako bat; galdeketa "trantsizio amaitu gabea amaitzen hasteko tresna" dela azpimarratu du.

Ziarretaren arabera, Gernikako Estatutua baliagarria izan da, baina dagoeneko agortuta dago. Agortuta, besteak beste, "bigarren eraldaketa ekonomikoari" aurre egiteko. Gainera, galdeketa lehen urrats bat dela iritzi dio, eta horren atzetik beste batzuk etorriko direla, eta horietan "Euskal Herria batu eta independentea" defendatuko duela EAk.

Kontxi Bilbao (EB): "Galdeketa debekatzea litzateke ilegal, ilegitimo eta antidemokratikoa"

Ezkerrak beti herritarrei hitza ematearen alde egin duela nabarmenduz eratu du EBko ordezkari Kontxi Bilbaok galdeketaren aldeko hitzaldia. Oroitarazi du frankismoaren ondorengo Espainiako Gobernu guztiek negoziatu dutela ETArekin, eta saio guztietan egin dela porrot. Besteak beste, "herritarrei iritzia galdetzea saihestu delako". Hori dela eta, galdeketak behin betiko konponbiderako bidea jartzen duela iritzi dio Bilbaok.

Egitasmoan ez daogela ezer legez kontrako eta ilegitimorik nabarmendu du; aldiz, galdeketa galaraztea litzatekeela "ilegala, ilegitimoa eta antidemokratikoa". PSEko legebiltzarkideei zuzendu zaie bereziki Bilbao, eta galdeketaren aldeko alderdiekin bere garaian PPk eurekin jokatu zuen bezala jokatzen aritzea egotzi die.

Aintzane Ezenarro (Aralar): "Zailtasunari eta debekuari erantzun diezaiogun herri bezala"

Euskal Herri osoa aintzat hartzen ez duen arren, herri galdeketaren proposamenak gatazka politikoaren muinari, erabakitzeko eskubideari,heltzen diola iritzi dio Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak, eta argudio horretatik abiatuta agertu du proposamenaren alde bozkatuko dutela. "Erabakitzeko eskubidea gauzatuko da lehen aldiz, erabakitzeko eskubidea duen herri bat garela erakutsiz".

Nolanahi ere, gaur galdeketarako lege proposamena onartuta bidea hasi besterik ez dela egiten ohartarazi du, eta aldeko botoa emango dute alderdi guztiei egitasmoa elkarrekin eta "elkarlanean" kudeatzeko deia egin die, "herri gisa" jokatzekoa. "Zailtasunei eta debekuei herri bezala erantzuteko" deia egin die, debekuari aurre egiteko modu bakarra delakoan. Aldiz, jokabide hori hartzen ez bada eta galarazpena nagusitzen bada, berriro ere herritarren arteannekea eta etsipena zabalduko dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.