Fiskalarekin akordioa eginda, libre dira Ekineko kide izatea egotzita auzipetutako bost lagunak. Hala ere, hainbat auzi daude epaitegian oraindik. Ekini lotutakoa da hurrengoa ere; 2010eko irailean egindako sarekada batean atxilotutako beste bederatzi lagun epaituko dituzte maiatzean.
Gainera, euskal presoen eskubideekin lotutako auziak bizirik daude oraindik. Azken urteetan presoen babeserako taldeen kontra hainbat polizia operazio izan dira Euskal Herrian, eta ikuskizun dago auzi horietan auzipetutako lagunak noiz epaituko dituzten. Sarekadetan atxilotutako lagun batzuk espetxean daude oraindik, eta beste batzuk libre daude, baina karguekin. Guztiei "erakunde terroristan parte hartzea" edota hari laguntza ematea egozten diete.
Aurreneko operazioan, 2013an, hemezortzi pertsona atxilotu eta Herrira elkartearen jarduna eten zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. 2014ko urtarrilean, berriz, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontrako operazioan zortzi lagun atzeman zituzten. 2015ean jarraipena izan zuen presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuen aurkako jazarpenak, urtarrilean beste hamasei lagun atxilotuta. Eta iazko otsailean, berriz, Etxerat elkarteko bi kide eta Jaiki Hadi presoei osasun laguntza emateaz arduratzen den taldeko beste bi atzeman zituen Poliziak.
Gainera, Segurako auzian aparte epaitu behar zutenez, egiteke dago Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurkako epaiketa. Maiatzaren 9an izango da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusian.