Lehendik ere sufritzen ari zen sektorea, eta kezka bat gehiago du orain: argindar erreforma. Iñaki Ugarte Euskadiko Paper Klusterreko kudeatzaileak gaitzetsi egin ditu gobernuek hartutako hainbat erabaki, orain aukera gutxiago dituztelako energia prezio lehiakorrago batean eskuratzeko. Enpresa batzuen etorkizuna arriskuan egon daitekeela adierazi du.
Krisia 2008an hasi zen enpresei eragiten. Papergintzak, ordea, aurretik ditu arazoak. Zerk eragin du sektorearen gainbehera?
Sektoreak, Europan nahiz mundu mailan, urte dezente daramatza berregituratze prozesu batean. Produkzioa lekualdatu egiten da, eta paper batzuen ekoizpena utzi eta beste paper batzuekin ordezkatzen da. Gainera, azken urteotan aldaketa teknologiko handiak izan dira, eta horiek aukera eman dute ekoizpen gaitasun handiak garatzeko. Faktore horiek kontuan hartuta, kanpotik ematen du krisi iraunkor batean dagoela sektorea, erabat gain behera doala. Alabaina, ez da hala, sektorea gori-gori dago; aurreikuspen onak ditu epe ertainerako, nahiz eta horrek ez duen esan nahi paper mota guztien egoera izango denik ona.
Salatu izan duzue krisiaren aurka hartu diren hainbat neurrik kalte handia egin diotela enpresen lehiakortasunari. Zein neurriri buruz ari zarete?
Argindar merkatuaren erreformak urtean 24 milioi euroko eragina izan dezake EAEko bederatzi paper eta ore ekoizleetan. Zerga berriak sortu dituzte: gasaren gaineko zentimo berdea, argindarra sortzeari %7ko tasa jartzea... Dena den, larriena da hainbat neurri indargabetu dituztela, eta neurri horiek ematen ziguten aukera hala-holako argindarraren prezio lehiakorra lortzeko. Esan izan da pribilejioak zirela, baina ez ziren, nazioarteko lehiakideei aurre egiteko beharrezko mekanismoak baizik. Indargabetze horien eraginez, argindarraren prezioa ziztu bizian igo da, eta enpresa batzuen etorkizuna ere zalantzan egon daiteke.
Klusterreko enpresek atzerrian fakturatzen dute erdia baino gehiago. Zein indargune eta zein ahulezia dituzue nazioartean aritzeko?
Garraio kostuek asko igotzen dutenez paperaren prezioa, beste onura batzuk eskaini behar izaten dizkiegu bezeroei: kalitatea, espezializazioa, know how teknikoa, bizkortasuna... Ahultasun nagusia da, euroaren sendotasunaz aparte, marjinak oso txikiak direla. Eta sektoreak behar ditu marjinak etorkizuneko lehiakortasuna bermatuko dien inbertsioak egiteko.
Barne merkatuan nabari duzue inolako susperraldirik?
2013an eskaerak oso maila apalean mantendu dira, eta, oraingoz, ez dugu suspertze zantzurik ikusten.
Esaten da gaur egun erabiltzen diren paperen %30ek orain hamar urte existitzen ez ziren funtzionaltasunei erantzuten dietela. Klusterreko enpresek jakin dute behar berri horiei erantzuten?
Euskal enpresak ere merkatura egokitzen dira, eta, noski, funtzionaltasun berri horiei erantzuten diete. Halaber, egia da dituzten dimentsioengatik ezin direla sektoreko multinazionalen erritmo berean egokitu.
Esan duzu aldaketa teknologiko handiak izan direla eta horrek ekoizpena handitzea eragin duela. Enplegu aldetik nola eragin du?
Europan, esaterako, orain hamar urte baino %25 ekoizle gutxiago daude, eta lanpostuen %33 galdu dira. Alabaina, krisian izanik ere, ekoizpena soilik %6 murriztu da. Euskadin, erreferentziatzat 2000. urtea hartuta, hamahiruk eten dute produkzioa, eta 900 lanpostu desagertu dira. Gaur egun, 1.600 langile ditu sektoreak. Epe berean, ekoizpena 232.000 tona handitu da.
Klusterreko kideok nola ikusten duzue etorkizuna?
Ematen du baikortasuna ari dela nagusitzen oro har, baina ikusita 2013a nola amaitu den ore eta paper ekoizleontzat, guk ezin dugu halakorik esan. Ikusi behar dugu lehen hiruhilekoa nola doan eta bigarrenean zein den bilakaera. Gaur-gaurkoz, ezerk ez digu adierazten eskaerak epe laburrean suspertuko direnik.
Sektoreari askotan egiten zaion kritika da basogabetzeak eragiten dituela. Halako akusazioek min handia egiten dute?
Paper grafikoen aurkako kanpaina bidegabeek aurrera jarraitzen dute, eta guk horien aurkako dibulgazio lanean segitzen dugu. Papera naturala da, berriztagarria, birziklagarria eta biodegradagarria. Ekoizpena ere perfektuki dago kontrolatuta ingurumenaren ikuspegitik, bai administrazio publikoen eskutik, bai enpresen partetik.