Iazko martxoaren 24an abiaturiko su-eten iraunkorra «indarrean» dagoela dio ETAk

2007ko urtarrilaren 10a
11:51
Entzun
Barajasko atentatua bere gain hartu, eta biktimarik ez eragiteko kokapen zehatza eman zuela esan du ETAk

erredakzioa

ETAk adierazi du eutsi egiten diola su-etenari. «Martxoaren 24ko 00:00etan abiaturiko ekintza armatuaren etenaldi iraunkorra indarrean dago». Horrela jakinarazi du ETAk Gara egunkarira bidalitako agiri baten bidez. Agiri horren edukiaren laburpena Gara.net webguneak eskaini zuen atzo eguerdian, Agiria osorik gauean eman zuen argitara Gara.net-ek. Hona hemen Euskal Herriari zuzenduriko agiriaren edukia hitzez hitz:

«ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, ekintza armatuen etenaldia iragarri genuenetik bederatzi hilabete luze igaro direnean, egoera politikoaren inguruan egiten duen irakurketaren berri eman nahi die euskal herritarrei.

Prozesua usteltzen uzteko asmoa al dute? Abuztuan gizarteratu genuen hausnarketan, galdera hauxe egiten genuen. Zoritxarrez, urte luze- tako gatazkaren gainditzea ekarri behar duen prozesua blokeo egoeran dago, ez aurrera eta ez atzerako egoera larrian.

Blokeo egoera horrek arduradun zuzenak ditu. Espainiako Gobernua eta PSOE dira prozesu demokratikoari etengabe oztopoak jarriz oraingo egoera larria eragin dutenak. Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen eta gatazkaren gainditzea ekarriko duen marko juridiko-politiko berri baten oinarriak adostu beharrean, Espainiako Konstituzioaren eta legalitatearen mugak jarri dituzte prozesuaren tope bezala.

Espainiako Gobernuko agintariek jakin beharko lukete ezingo dela bake prozesu bat eraiki gatazka eragin duten muga politiko berdinak mantenduz. Aitzitik, Euskal Herriaren zanpaketa politiko, militar eta ekonomikoa bermatzen duten muga politiko horiek aldarrikatzea, gatazka elikatzeko eta enfrentamendu aro berriak zabaltzeko besterik ez du balioko. Orain artean, jarrera horretan tematurik aritu dira Espainiako Gobernuko eta PSOEko arduradunak.

Euskal Herriaren zanpaketa justifikatzen duen praktika politiko horrekin batera, Espainiako Gobernuak ez du oraindik urratsik egin bere gerra eta errepresio mekanismoak indargabetzeko. Espainiako Gobernuak bere su-eten konpromisoak bete gabe jarraitzen du.

ETAk azken urte honetan, prozesuak aurrera egiteko urrats sendoak eman ditu. 2006ko hastapenean Roberto eta Igor burkideak Espainiako sarraski kartzeletan hiltzen ikusi genituen; ETAk ordea, eta Euskal Herrian baldintza politiko askiak zeudelakoan, lurrikara politikoa sortu zuen ekintzen etenaldia abian jarri zuen. Ordainean ordea, Espainiako Gobernuak ETAren ekintzen etenaldia berifikatzeari ekiten dio. Prozesua eta elkarrizketaren inguruko filtrazioak argitaratzera mugatzen da. Presentzia eta presio poliziala areagotzen da. Alderdien legeak indarrean jarraitzen du, zuzenbide printzipio ororen aurka. Ezker abertzalearen jardueraren aurkako erasoak etengabekoak izaten jarraitzen dute. Jarduera politikoa, herri eragileen jarduera ezinezkoa da Euskal Herrian. Ehunetik gora ekitaldi galaraziak izan dira, isun, atxiloketa eta jipoiez lagundurik. Tortura, ehunetik gora atxiloketa, indar polizial ezberdinen eskutik, ETAk bere ekintzen etenaldia iragarri zuenetik. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako salbuespen neurrien mantentzea, Parot doktrina delakoaren sorrera, 185 euskal preso politiko bahitu eta bizi osorako birkondenatuak direlarik. Edota Iñaki de Juanaren aurkako epaian fiskalak erakutsitako mugarik gabeko krudelkeria, trukerako txanpon gisa erabiltzeko intentzioarekin hiltzera kondenatu dutelarik. Hauxe da, bederatzi hilabetetan zehar inolako unetan eten ez den errepresio estrategia baten kronika krudela. Gutxi ez balitz, Espainiako Gobernua, barne-arazoetako ministroa eta fiskalak buru dituelarik, harrokeriaz agertzen zaigu agerkari hauen kontakizunetan.

Bide beretik, Imazen PNVk azken hilabetetan erakutsitako jarrera salatu nahi dugu, ezker abertzalearen aurka Espainiako Gobernuaren ildoa elikatuz aritu baita. PSOE eta PNV prozesuari buruzko ikuspegi eta estrategia berdinean aritu dira, sinatu dituzten aurrekontu eta proiektu ekonomiko erraldoiak izanik bide horretan biak lotzen dituen hari nagusia.

Halaber, ETAri ustezko 'tutelajeen' inguruko oharpenak eginez edota herri erantzun espresioen aurrean salaketa oportunistak errepikatzen aritzen diren eragile edota buruzagiek, hobe lukete Euskal Herria eta herri mugimenduen aurkako errepresio sistema ez-demokratikoaren aurrean oldartuko balira. Inora ez garamatzan hitz-jarioa alboratu eta determinazioz egiazko demokraziara eramango gaituen norabidean lan egitera gomitatzen ditugu.

Irtenbiderik gabeko eta porrot egin duten formula polizial eta politikoak ez berreskuratzeko deia egiten diegu honetarako tentaldia izan dezaketen eragile politikoei. PP-UPN eta Espainiar Estatuko eskuin faxista alboratu eta Espainiar Estatuaren bigarren erreforma egitera ausartu beharko lirateke indar demokratikoak. Urte luzeak pasa dira Euskal Herriaren aurka bide errepresiboa erabiltzen aritu direnetik eta sufrimendua besterik ez du ekarri Euskal Herria eta Espainiar Estatuarentzat.

Egoera horren parean, ezker abertzaleak etengabe errepikatu eta euskal jendartearen gehiengoak bere egin duen proposamen politikoan dago gatazkaren irtenbidea: Euskal Herriaren nazio eskubideak aitortzea, euskal herritarrek beren etorkizunari buruz erabakiko dutena errespetatzea eta gaurko egunean inposatzen den lurralde zatiketa gainditzea. Horretarako, autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideetan oinarrituriko marko juridiko-politiko berri bat adostu eta eraiki behar da Euskal Herriarentzat.

Euskadi Ta Askatasunak bide horretatik ikusten du prozesu demokratikoa garatzeko aukera, Euskal Herriari zor zaizkion eskubide eta minimo demokratikoak bilduko dituen akordio politiko baten bidez hain zuzen. Hauxe da Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragileek luze gabe landu eta adostu beharko luketena. Horrek eragin dezake gaur eguneko egoeraren aldaketa eta urratsez urrats gatazkaren konponbidera doan bide berria egiteko aukera irekitzea.

Horiek dira gaurko egunean Euskal Herriak zabalik dituen aukerak. Orain artean, PSOE aukera horiek faltsuan ixteko saiakeran aritu da, prozesua usteltzen utziz eta irteerarik gabeko bide itxietara eramanez.

Euskal herritarren eta eragileen esku dago herri presioa egitea arduradun politikoek zabaldutako aukera beren kalkulu eta interesen arabera galtzen utz ez dezaten, arriskuen gainetik aukerak nagusitu daitezen borrokatuz. PSOEk, gatazkaren oinarrian dagoen mami politikoari heldu behar dio horretarako, berandu baino lehen.

ETAren erabaki eta erantzunak, Espainiako Gobernuaren jokabidearen araberakoak izango dira. Prozesuaren alde egin eta berau indartu eta sustatzeko gure borondatea argiki adierazi nahi dugu; aldiz, gaur eguneko Euskal Herriaren aurkako eraso egoera mantentzen den heinean, abuztuko agirian adierazi genuen bezala, ETAk erantzuteko erabakitasun osoa daukala ere adierazi nahi du. Alta, ETAk bere gain hartzen du 2006ko abenduaren 30ean, Madrileko Barajas aireportuan kalte handiak eragin zituen lehergailuz buruturiko ekintza. Ekintza armatu honen helburua biktimarik eragitea ez zela irmoki adierazteaz gain, lehergailuaren kokagune zehatza azalduz hiru dei egin ondoren, ordubete luzeko denbora tartean parkingaren aterarazte edo hustea egin ez izana salatu nahi dugu. Honela, gure doluminik sentituenak helarazi nahi dizkiegu ekintza honetan bizia galdu duten Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacioren senide, lagun eta Ekuador herriari.

Aldi berean, martxoaren 22ko Adierazpenean agertutako helburuak berresten ditugu gaur euskal herritarren aurrean. Norabide horretan urrats sendoak egitetik zabalduko zaizkio ate berriak Euskal Herriaren etorkizunari.

Azkenik, ETAk martxoaren 24ko 00:00etan abiaturiko ekintza armatuen etenaldi iraunkorra indarrean dagoela adierazi nahi du».

Euskal Herrian,

2007ko urtarrilean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.