Iazko urritik preso, bi urteko zigorra aurten eta datorren astean beste epaiketa bat

2010eko azaroaren 6a
13:53
Entzun
Arnaldo Otegi iazko urritik dago kartzelan -lehen ere egona da-. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuten 2009ko urriaren 13an, hainbat kiderekin batera. ETAren esanetara aritzea leporatu zieten. Gaur egun Navalcarnero espetxean dute (Madril, Espainia). Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez ere preso daude auzi beragatik.

Joan den martxoan, berriz, Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bi urteko kartzela zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa jarri zion, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egindako ekitaldian esandakoengatik. Hain justu, honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: "[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!". Epaiak zioen "inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen" dutela hitzok. Defentsak Gorenera joa du; beraz, epaia ez da irmoa oraindik.

Hurrengo ostegunean Otegiren aurkako beste epaiketa bat hasiko da, Auzitegi Nazionalean: 2004ko azaroaren 14an Anoeta Donostiako belodromoan Batasunaren izenean egindako bake proposamenean "terrorismoa" gorestea, desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten dizkiote.Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak ere epaituko dituzte. Fiskalak hirurentzat hemezortzina hilabeteko kartzela eskatzen du eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroak, berriz, bosna urteko kartzela eta hogeina urteko inhabilitazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.