Komunikabideen aurrean agerraldia egin du gaur goizean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak ETAren azken hiru atentatuak gaitzesteko. Gogor gaitzetsi ditu: eraso horiek euskal gizarteari "gero eta nazka handiagoa" ematen diotela esan du, eta ETAk gizartetik kanpora geratu behar duela aldarrikatu du. Halaber, elkartasuna adierazi die atentatuen jomuga izan diren Vital Kutxari, Ertzaintzari, eta bereziki, bart gaueko leherketan hildako Luis Conde militarraren senide eta hurbilekoei.
Baina gaitzespenetik eta elkartasun adierazpenetik haratago, politikaz ere aritu da Ibarretxe, eta gatazkak konpontzeko elkarrizketa behar dela berretsi duen arren, lehergailu bakoitzak elkarrizketaren aukera urrundu egiten dutela ohartarazi du. "Gatazkak konpontzeko elkarrizketa eskatzen dutela entzuten dugu. Eta ni ados nago, baina ezin da elkarrizketa eskatu bonbekin eta hilketekin batera. Praktikan, eta hori badaki ezker abertzaleak, bonba bakoitzak elkarrizketa urrunarazten du; bonba bakoitzak elkarrizketa prozesuak leherrarazten ditu", azpimarratu du.
Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak egindako kritikei ere erentzun die Ibarretxek, hain zuzen ere, bere asmo politikoei ez diela uko egingo nabarmenduz. Izan ere, bart gaueko atentatuaren arduraren zati bat Jaurlaritzari eta EAJri egotzi dio Revillak, erabakimenaren inguruan duten jarrera dela-eta ETAri hauspoa ematea leporatuta. "Besteei eskatzea beren proiektu politikoak bertan behera uzteko, niri edo Jaurlaritzari eskatzea gure ideiei uko egiteko bestela ETAri hauspoa ematen diogula iritzita ez da onargarria. Ez dut inoiz esango, egia ez delako, Espaiiako Gobenruari ETAri hausporik eman zionik Barajasko atentatuaren ondoren haiekin negoziaitu zuelako", adierazi du. Ildo horretatik, ez diela bere ideia politikoei uko egingo azpimarratu du: "Nire ideiei ez diet inoiz ko egingo. Demokratikoki defendatuko ditut, baina ez diet uko egingo ETAri opari politiko handia egitea bailitzateke".
Ibarretxe: "Bonba bakoitzak elkarrizketa urrunarazten du"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu