Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Ni mugitzen nintzen giroa oso euskalduna zen. Dantza taldeen giroan ibiltzen nintzen eta euskaldunak asko ziren. Baina, gainera, nik lagun euskaldunak neuzkan, eta gero hasi ginen mendigoizaleen giroan ere... Nik ikusi nuen euskara oso interesgarria zela eta komeni zitzaidala ikastea mugitzen nintzen giroan gustura egoteko.
Naturaltasun osoz heldu zenion euskarari, beraz.
Bai, hori da. Ni lanean ari nintzen Bilboko enpresa bateko bulego batean eta hango zuzendaria euskara ikastera joan zen Euskaltzaindian, eta elkarregaz aritu ginen.
Lanean ere euskaraz.
Bai. Dena dela, nik gero ikastolan egin dut lan urte piloan, eta gurasoei-eta gutuna nik idatzi behar izaten nien.
Eta mutil-lagunak ez al zuen eragin euskara ikasterakoan?
Mutil-laguna topatu eta orduan ikasi nuen nik. Etorkizunari begira, nik seme-alabak euskaldunak izatea nahi nuen, eta euskaldunak dira biak; eta orain bilobak ere euskaldunak dira.
Erraza egin zitzaizun ikastea?
Bai. Primerako maisua geneukan: Xabier Peña. Fenomeno bat zen hura. Eta, aparte, ni nahiko bizkorra nintzen. Berehala ikasi nuen euskara eta gaur egun erdararik ia-ia ez dut egiten.
Eta bizkaieraz hasieratik?
Bai. Dena den, gero, Labayrun, batua ere apur bat ukitu nuen... Batuan ere defendatzen naiz!
Zuk gaztetan ikasi zenuen. Baina esan ohi da zaila dela helduek euskara ikastea. Zer uste duzu?
Gezurra da. Ikasi ez duenak gura ez duelako baino ez da. Gura izan behar da euskara ikasteko.
Zer oroitzapen gordeko duzu betiko euskara ikasteko prozesu hartan?
Xabier Peñak oparitu zizkidan liburu batzuk, eta zera idatzi zeban: «Nire ikaslerik onena izan zarelako». Izugarri eskertu nuen.
Hainbesteko garrantzia dauka irakasleak euskara ikasteko bidean?
Niretzat bai. Nik balio handia ematen dut maisu ona bada. Baina ni neu gaur egun ere apur bat andereñoa naiz, nire gizonarekin esaterako: «Eskuakaz sartu» badio, esaten diot «eskuaz» esan behar dela instrumentala da eta.
Txaro Bosch, jubilatua
«Ikasi ez duenak gura ez duelako baino ez da»
Luis Karlos Garcia - GASTEIZ Txaro Bosch Korrika Algortatik (Bizkaia) noiz pasatuko zain dago. Areetan jaiotako andrea 72 urte ditu gazte askotxo baino animosoago dabil. Gaztetan ikasi zuen euskara eta inoiz ez dio berba egiteari utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu