"Ikerketaren aitzakiaz, mundu abertzalearen fitxaketa masiboa"

2009ko otsailaren 11
11:41
Entzun
"Frantziako Gobernuak euskal herritarren aurkako jazarpen eta errepresioan pausoak ematen dihardu eguna joan eta eguna etorri", esan zuen atzo AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Frantziako Poliziak Lapurdin bost lagun atxilotu eta atxiki ondoren.

"Herritar ugari polizia-etxeetara deituak izaten ari dira jarduera politikoagatik deklara dezaten. Horrez gain, iheslari politikoen aurkako atxiloketak, euroaginduak eta euskal preso politikoen espultsioak egunero ikus ditzakegu. Frantziako Gobernua jakitun da gatazka politikoa duela Euskal Herrian eta, berau konpontzeko bide demokratikoak jorratu ordez polizia, espetxe eta errepresio mota ezberdinen alde egiten ari da".

Amnistiaren Aldeko Mugimenduari jarraiki, "Kalaka eta beste ostatuen finantzazioaz ikerketa egin nahi duten aitzakiaz, euskal militantziaren gaineko galderak" egiten ari zaizko Frantziako Polizia azken hilabeteetan atxilotu edo deklaratzera deitutakoak. "90 bat galdekatuen kopuru horretan ez dira sartzen Ducasse, kontu blokatu eta EHAK auzietan atxilotu eta deklaratzera deitutakoak. Hasieran erabili zuten teoria, hau da, Batasunak borroka armatua ostatu horien bidez finantzatzen zuela esaten duena, bertan behera geratu zen, eta Jean-Claude Marin prokuradoreak berak iazko azaroan onartu zuen ez zutela inolako elementurik ETAren eta Batasunaren arteko balizko loturak frogatzeko; orain, ordea, agintari frantziarrek teoria horri buelta eman diote, eta frogatzen saiatzen ari dira borroka armatua dela ostatu horiek finantzatzen dituena!".

AAMren idurikotz, "gero eta argiago" dago "Fiskaltzari berdin zaiola zer aitzakia erabili helburu politiko hau lortzeko": "Mugimendu politiko bat kriminalizatzea, bere kideak eta hauen ingurukoak pertsegitzea eta militante horiek beren eguneroko lanetik desbideratzea, beren buruak justifikatzera behartuta eta prozedura arbitrarioen artean nahastuta egotera behartuta".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.