Loiuko (Bizkaia) aireportura bidean izan dute istripua Imanol Miner Hernaniko euskal presoaren anaiak eta anaiaren neskalagunak. Hain zuzen ere Granadan (Espainia) Euskal Herritik 900 kilometro baino gehiagora dagoen Miner ikustera joateko hegazkina hartzera zihoazen. Etxerat-ek jakinarazi duenez, istripua A-8 errepidean gertatu da, Deba eta Elgoibar (Gipuzkoa) artean. Autoa txikituta geratu den arren, bidaiari biak onik atera dira.
Antza denez, autoak irrits egin eta lau buelta inguru eman ostean mediana jo dute. Istripuaren ondorioz ez dute kalte fisikorik jasan, autoa ordea guztiz txikituta geratu da. Imanol Minerren anaiak eta bere neskalagunak taxian egin dute Loiuko aireporturainoko bidea.
Etxerat-ek jakinarazi duenez, gaurkoa "sakabanaketa politikoak aurtenm eragin duen 15. istripua da". Dei egin die herritar guztiei presoen eta iheslarien aldeko ekimenetan parte hartzera. "Estatuek gure, eta gure senide eta lagun preso eta iheslari politikoen aurka indarrean dituzten salbuespenezko politikekin amaitzeko".
Esaterako, datorren igandean, abuztuak 6, Euskal Herriko hondartzetan elkarretaratzeak egingo dira. Izan ere, Etxerat-en ustez, hitzak baino gehiago herritarren presioa izango da Jose Luis Rodriguez Zapaterori eta Jaques Chiraci "euskal herritarron borondatea errespetaraziko diena, euskal preso eta iheslariak dagozkien eskubideen jabe izanik Euskal Herriratzen hasiz".
Imanol Miner presoaren senideek istripua izan dute bisitarako bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu