Inkesta baten arabera, Gazaren aurkako erasoalditik Hamasen sostengua handitu da, eta Al Fatarena jaitsi

2009ko otsailaren 5a
13:00
Entzun
JMCC Jerusalemgo Hedabide eta Komunikazioetarako Zentroaren inkesta baten arabera,Hamasen sostengua handitu da, eta Al Fatarena jaitsi, Israelgo armadak Gazaren aurka eginiko erasoalditik Gazako eta Zisjordaniako 1.200 palestinarri galderak aurrez aurre eginda atera ditu ondorioak JMCC zentro palestinarrak. Nolanahi ere, bi talde nagusiak parekatuta ageri dira, bai boto asmoan bai konfiantza mailan: %28 inguruan.

PLC Palestinako Kontseilu Legegilerako (Gaza eta Zisjordaniarako legebiltzarra) hauteskundeak orain egingo balira, galdekatuen %28,6k Hamasen alde egingo lukeela erantzun zuten; iazko apirileko inkesta batean %19,3 izan ziren. Al Fatari dagokionez, iazko apirilean %34en sostengua bazuen, orain %27,9 dauka, Gaza eta Zisjordania hartuta. Maan News berri agentziak ez du beste talde edo zerrenda palestinarren (FPLP, FDLP, PPP, Palestina Independentearen Zerrenda, Badil, Hirugarren Bidea, PLF, PPSF...) kopururik eman.

2006ean Legebiltzarrerako eginiko bozetan, 132 diputatuetatik 74 (gehiengo absolutua) eskuratu zuen Hamasek; Al Fata, nagusi izatetik (Hamasek eta FPLPk aurreko bozak, 1996koak, boikotatu zituzten) 45 diputatu lortzera igaro zen. FPLPk hiru eskuratu zituen, eta gainerako eserlekuak beste talde nahiz zerrenda txikien eta independenteen artean banatu zituzten.

Era berean, Hamas eta Al Fatarekiko konfiantza maila neurtu dute orain inkestagileek. Hala ,iazko azaroan Hamasekiko konfiantza %16,6koa bazen, orain %27,7ra igo egin da. Haatik, Al Fatak iazko azaroan zuen %31,3ko konfiantza portzentaia %26ra jaitsi da.

JMCCk azaldu duenez, Hamasekiko sostengu eta konfiantza maila igo izana Zisjordaniari zor zaio; izan ere, azken hiru hilabeteetan %12,8tik %26,5era igo egin da. Hamasek beti izan du sostengu gehien Gaza eskualdean, eta Al Fatak Zisjordanian.

Maan Newsek ondorioztatu duenez, inkestak iradokitzen du Gaza eta Zisjordaniako palestinarrek nahiago dutela erresistentzia estrategia gisa, Al Fatak bultzatutako goi mailako negoziazio politikoen bidea baino.

Galdekatutako gehienek, %46,7k, uste dute Hamas garaile atera zela Israelgo armadak abenduaren 27tik urtarrilaren 19a arte Gazan eginiko erasoalditik; soilik %9,8k uste dute Israelek irabazi zuela "gerra". %37,4k esan dute ez erresistentzia ez Israel ez zirela garaile irten.

Arlo horretan alde nabarmenak topatu dituzte JMCCko inkestagileek, Gazaren eta Zisjordaniaren artean. Izan ere, erasoaldia zuzenean pairatu zutenen, Gazako galdekatuen %35,2k uste dute Hamas atera zela irabazle; aitzitik, Zisjordaniakoen artean %53,3k uste dute hori.

Etxean eginiko koheteen erabilera, eta Obama

Galdekatuen %50,8k uste dute etxean eginiko koheteak jaurtitzeak lagundu egiten duela palestinarren helburu nazionalak lortzeko borrokan; iazko apirilean %39,3k uste zuten hori. Hala, kohete horiek borrokari kalte egiten diotela uste dutenen portzentaia jaitsi egin da: iazko apirileko %35,7tik oraingo %20,8ra.

Israelgo armadaren erasoaldia Barack Obamak AEBetako presidentetza hartzeko egunaren bezperan amaitu zuen Tel Aviveko gobernuak. Erasoaldian zehar sarraskia gerarazteko Obamak deus esan ez izana oso gaizki hartu zuten palestinar askok. Hortik ondoriozta daiteke JMCCren inkestan galdekatuen %48,2k esatea Obama presidente gisa aritzeak ez duela Palestinako gatazka konpontzeko aldaketa handirik eragingo.

Halere, AEBetako aurreko presidenteek baino baikortasun gehiago piztu ditu Obamak palestinarrengan:

galdekatuen %28.1 azaldu da gatazka konpontzeaz baikor. %18,9k, aldiz, ezkorrago ikusten dutela erantzun zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.