Iraken inbasioaren defentsa sutsua egin dute Blairrek eta Bushek

Suntsitze handiko armarik ez badago ere, Saddam Hussein boteretik kentzea historiak justifikatu egingo duela adierazi du Erresuma Batuko lehen ministroak

2003ko uztailaren 18a
13:29
Entzun
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroa AEBetan da. Hain zuzen ere, George Bush presidentearekin Iraken inbasioa eta haren ondorioak aztertzea da bisita horren helburu nagusia. AEBetako Legebiltzarrean hitzaldia egin zuen atzo arratsaldean (bart goizaldea Euskal Herrian), eta, ondoren, prentsaurrekoa eman zuen Bushekin batera. Inbasioaren defentsa sutsua egin zuten batak zein besteak; batik bat, Blairrek: azkenean, suntsipen handiko armen kontuan oker zeudela frogatzen bada ere, Saddam Hussein boteretik kentzea historiak "barkatu" egingo diela aldarrikatu zuen.

Hasiera batean, garaipen ospakizun bat izan behar zuen George Bushen eta Tony Blairren arteko bart gaueko bilerak eta kazetarien aurreko mintzaldiak, baina, Iraken inbasioaren inguruko azkenaldiko gertaera eta informazioek, diskurtsua aldatu eta Saddam Husseinen aurka ekiteko erabakiaren defentsa sutsua egitera behartu ditu agintari biak.

Hain zuzen ere, AEBak izan ziren Iraken aurkako gerraren bultzatzaileak eta Erresuma Batua haien aliatu nagusia. Saddam Husseinen erregimenak suntsipen andiko armak zituela, eta, gainera, arma nuklearrak egiteko Nigerian uranioa erostekotan zebilela izan ziren Bushek eta Blairrek inbasioa justifikatzeko eman zituzten argudio nagusiak. Bi arrazoi horiek, ordea, auzitan jarri dira azken egunetan: suntsipen handiko armarik ez da inon ageri, eta uranio erosketari buruz Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuek egin zuten txostena manipulatuta zegoela eta iruzurtia zela frogatu da.

Bush eta Blair , ordea, beren aurkako informazio horiek plazaratu arren ez dira kikildu, eta inbasioaren defentsa sutsua egin dute bart gauean.Saddam Husseinen erregimena mehatxu handia zela azpimarratu dute bi buruzagiek, eta "erokeria" litzatekeela hari aurre ez egitea nabarmendu dute kazetarien aurrean egindako agerraldian.

Baina bereziki sutsua izan da zertxobait lehenago Blairrek AEBetako Legebiltzarrean egin duen agerraldia. Saddam Husseinek suntsipen handiko armarik ez zuela frogatzen bada ere, haren kontrako erasoa justifikatuta zegoela esan du Erresuma Batuko lehen ministroak, eta historiak "barkatuko" duela. "Mehatxuarena aurrean zalantzati ibili bagina eta gure buruzagitza gaitasunaz baliatuz erasoa gauzatu ez bagenu, historiak ez liguke barkatuko", azpimarratu du. Txalo zaparrada izugarria eskaini diote AEBetako legebiltzarkideek Blairri. Hain justu, Margaret Thatcherrek 1985ean egin zuen agerraldiaz geroztik, Erresuma Batuko lehen ministroak AEBetako Legebiltzarrean egindako lehen hitzaldia izan da Blairrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.