Hauek dira IRA historikotik azken 40 urteetan bereizitako talde nagusiak:
IRA Ofiziala (OIRA). 1969an sortua, borroka armatuari baino "masen borrokari" lehentasuna ematen ziotenen helburuak segitzeko. Gehienbat lerro marxista eraman zuen, eta Irlandako gatazkaren arlo sektarioa gainditzeko komunitate protestantera hurbiltzea proposatzen zuen. 1972an su-etena eman zuen, eta ez zuen gehiago okupazio indarren edota Poliziaren kontrako erasorik egin. Haatik, beste talde errepublikano batzuekin enfrentamenduak izan zituen. 1980ko hamarkada bukaeran desagertutzat jo zuten. Kide ideologiko politikoa Sinn Fein Ofiziala izan zuen, gerora Sinn Fein-Workers Party eta geroago Workers Party (Langileen Alderdia) bilakatua.
IRA 'Probisionala' (PIRA edo, besterik gabe, IRA). 1969an sortua, IRA historikotik. Sortu zenean Irlanda iparraldeko komunitate katolikoen kontra ari ziren loialistak eta Polizia, eta "defentsa" moduan aritzea izan zuen hasierako lehentasuna. Helburuen artean Irlanda batu eta sozialista zuen, baina OIRA eta INLA baino heterogeneoagoa izan da, eta garrantzia gehiago eman dio arlo nazionalari sozialari baino. Gehien iraun duen eta indar gehien izan duen taldea izan da, eta 2005ean eman zuen bere borroka armatua bukatutzat. Sinn Fein izan du urtetan bere kide ideologikoa (hasieran Sinn Fein Probisionala bezala ezagutua, 1970an Sinn Fein historikotik banatua). Gaelikozko izena erabili izan du maiz, Oglaigh na hEireann (Irlandako Soldaduak), Irlandako Errepublikako armadak bezala. Gaur egun bada, gainera, izen hori beretzat hartu duen talde errepublikano txiki bat.
Irlandaren Nazio Askapenerako Armada (INLA). 1974an sortu zen taldea, OIRA IRA Ofizial-etik banatua. Irlanda batu bat aldarrikatzeaz gain, errepublika sozialista baten alde egin zuen. Su-etena onartu zuen 1998an, eta ordutik ez du atentaturik egin. IRSP Irlandako Alderdi Errepublikano Sozialistaren inguruan dago ideologikoki.
Continuity IRA (CIRA). RSF Republican Sinn Feinetik (Sinn Feinetik 1986an banatutako alderdia) gertu dagoen erakunde armatua, 1997tik IRAtik banatua. CIRA ez zegoen bere kideak erakundeetan parte hartzearen alde. Oraindik indarrean dago, baina oso ahul. 2006an zatiketa bat izan zuen, eta Oglaigh na hEireann (OnaE edo ONH) talde armatua sortu zen, indar gutxikoa.
Benetako IRA (RIRA). Ostiral Santuko Akordioa sinatzera eraman zuen bake prozesuaren aurka agertu zen. 1997an bereizi zen IRAtik. 1998ko abuztuan, Omagh hiriko atentatua egin zuen; 29 lagun hil eta 300 baino gehiago zauritu ziren. 32 County Sovereignty Committees (32 Konderrietako Subiranotasun Batzordeak) taldearen ideologiatik gertu dago.
IRAren zatiketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu